Kukai dantza taldeak 'Gelajauziak' ikuskizuna eskaini du Beasainen
Kukai dantza taldeak Gelajauziak ikuskizuna eskaini du Beasaingo Loinazko San Martin baselizaren kanpoko aldean. Garai berrietara egokituta, segurtasun neurri bereziak hartu dituzte.
Beasaingo Loinazko San Martin baselizaren, eta totem moduko egurrezko eskultura baten bueltan jarrita, Gelajauziak ikuskizuna eskaini du Kukai dantza taldeak. COVID-19a dela eta, segurtasun neurri bereziekin egin dute emanaldia, ikusleen arteko tarteak, musukoen erabilera eta sartu-irtenetan eskuak garbitzen direla zainduz.
Eskenatokia eta eguna ere berezia izan da: “Beasaingo Udalak herriko zaindariaren jaioteguna eta jaio zen lekua aukeratu ditu esanahi sinboliko bat emanez ekitaldiari, tradizioa eta modernitatea lotu nahian. Izan ere, otsailaren 5a, bere heriotzaren eguna, udalerrian jai-eguna izendatua badago ere, jaiotegunaren ezagupena ez dago hainbeste zabaldua. Hori horrela, zentzu horretan nolabait ere adierazi nahi izan da tradizioarekin uztartuz efemeride hau”.
Jon Maia dantzari errenteriarrak zuzentzen du Kukai konpainia. Gelajauziak ikuskizuna Jon Maia Sein eta Cesc Gelabert koreografoek, elkarrekin sortua da. “Elkarrekin dantza tradizionaletan ohikoak diren hainbat kontzeptu berraztertu dituzte, begirada pertsonal berri batetik. Dantza tradizionaletik elikatuz, sortzaileek ematen dioten interpretazio berriarekin garaikide bihurtzen dute”.
Hona hemen laburpena, Gotzon Aranbururen bideoan eta Agata Fernandoren argazkietan: