Olaberriko San Juan Txikiko jaien ordezko ekintzak
Olaberriko Kultura sailak hainbat ekintza antolatu ditu aurtengo San Juan Txiki jaiak nolabait ere ospatzeko asmoz
Puzgarriak, frontoian./A. Maiz Aurtengo Olaberriko San Juan Txikiak festa moduan ospatuko ez diren arren, bertako Kultura sailak 5 ekintza antolatu ditu jai giroa bizirik mantentzeko asmoz.
Abuztuaren 28an, Andoni Mutiloak “Esnatu naiz kabareta” eskainiko du. Antzerkia 19:00etan hasiko da plaza txikian, eta 50 minutu inguru iraungo ditu. Honen ostean, 22:00etan “Tio Teronen Semeak” taldeak FreshCool ikuskizuna eskainiko du, aurreskuaren soiltasuna eta ganberrokeria batzen dituen umorez betetako saioan. Hau 22:00etan izango da herriko plazan.
Abuztuaren 29an 16:00etatik 20:00etara bitartean ur tobogana eta apar festa ospatuko dute frontoiko aldapan, eta 22:00etan AMAK-en kontzertua egongo da plaza txikian.
Ezohiko festa hauei amaiera emateko, abuztuaren 30ean Potx Magoak ahozabalik utziko ditu ikusleak bere trikimailuekin. 18:00etan hasiko da eta plaza txikian izango da.
Ekintzetan parte hartzeko (ur tobogan eta apar festan izan ezik) izen-ematea beharrezkoa izango da. Abuztuaren 20tik 26ra bitartean zabalik egongo da izen-emateko epea udaletxeko web orriaren bidez edota “forms” bitartez. Ekintza guztiak dohainik izango dira eta betiere segurtasun neurriak bermatuko dira, musukoen nahitaezko erabilera eta distantzia kontuan izanik.













