San Agustin festarik gabeko urtea Brinkolan
Legazpiko auzoan asteburuan ospatu behar ziren jaiak, baina gainerako auzo eta herrietan bezala, aurten ez da festarik izan. Auzoko zaindariaren omenezko meza eta Goiz Deia txistulari bandaren kalejira izan dira ekitaldi bakarrak.
Uda berezi honen ezaugarri nagusietako bat festa falta izan da, eta herriak eta auzoak urteroko hitzordurik gabe geratu dira. Hala gertatu da Legazpiko Brinkola auzoan ere, San Agustin jaiekin.
Abuztuaren 28aren inguruan ospatzen dira, oporrei amaiera emanez, eta aurten bereziak izan behar ziren, azken aldian ekitaldi esanguratsuenak bihurtu diren rock kontzertuak, patata tortilla txapelketak, sardina dastaketak eta beste batzuk 25 urte betetzen zituztelako eta hori ospatzeko asmotan zirelako, besteak beste Hesian musika talde handiaren emanaldiarekin.
Baina ezin izan da, eta Brinkolako aurtengo festak San Agustin egunean eman zuten mezara eta igande goizean Legazpiko Goiz Deia txistulari bandak, euriari eta eguraldi txarrari aurre eginez, auzoan zehar egin zuen kalejirara mugatu dira. Txistulariek auzotarren bihotzak alaitu zituzten ederki.