Ikasle Abertzaleek eta Ikasle Sindikatuak ere grebara deitu dute
Ikasle Abertzaleek eta Ikasle Sindikatuak ere grebak deitu dituzte ikasleen artean ikasturte hasiera honetarako. Ikasle Abertzaleak ikasle antolakundeak egun osoko greba deialdia egin du irailaren 15erako, bigarren hezkuntzan, lanbide heziketan eta unibertsitatean. Greba «ezinbestekoa» dela diote, kurtso hasiera honen«kudeaketa negargarria dela medio» eta «hezkuntza komunitate osoaren osasuna bermatua ez dagoen bitartean». Deialdiarekin batera, hainbat sindikaturen «jarrera oportunista» salatu du IAk, «krisi kapitalista eta honen gaindipena seinalatu beharrean hau izanik gizarteak bizi duen arazo estrukturala, auzia neurri batzuk edo beste batzuk hartzean kokatu dutelako». Ikaslelangileen baldintzen defentsarako greba izatetik urrun, kolpe mediatiko bat ematea beste helbururik ez duen grebari oihartzuna eman diotela salatu dute. «Horregatik, ez dugu bat egingo forma hauen baitan deitu dituzten grebekin».
Greba egiteko arrazoiak hezkuntza komunitate osoaren osasuna eskatzeaz gain, «hezkuntzarako sarbidea bermatzea, ikasketa modalitate telematikoak sortutako zailtasun akademikoek ikasleon ikasketa prozesua ez oztopatzea eta lan politikoa egiteko eskubidea aldarrikatzea» direla erantsi dute. Irailaren 15ean, Ibaetatik abiatuko den mobilizazioan parte hartzeko deia ere luzatu dute.
Ikasle Sindikatuak, bere aldetik, ontzat jo du ELA, LAB, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek hezkuntzaren alorrean greba deitu izana, eta ikasleei «indarrak batzeko» eta egun horretan «irakasle eta langileekin batera» greba egiteko dei egin diete. Halaber, irailaren 16an, 17aneta 18an grebarekin jarraitzeko asmoa agertu dute, eta irailaren 17rako antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko gonbitea luzatu die ikasleei. Egun horretan elkarretaratzeak egingo dituzte, 12:00etan, hiriburuetan: Bilbon Arriagako plazan, Donostian Alderdi Ederren eta Gasteizen, Andramari Zuriaren plazan. «Kalitatezko hezkuntza publiko presentzial baten alde, ikasgela seguruekin!» da Ikasle Sindikatuak deialdi honetarako aukeratu duen leloa.