Arabako Patxi Lopez de Uralde irabazle
Gazta erdiagatik 9.200 euro ordaindu ditu Donostiako Tecnomotoko Alberto Fernandezek. Lehenengo bosten artean ez da goierritarrik sailkatu. Antolatzaileak gustura daude txapelketa aurrera eraman ahal izan dutelako.

Ordiziako 47. gazta txapelketak badu irabazlea: Arabako Larrea herriko Patxi Lopez de Uralde Fernandez. 2003. urtean ere garaipena lortu zuen Ordizian. Pascual aitak jaso du txapela eta “oso gazta ona” aurkeztu duela lehiaketara adierazi du, eta “oso pozik” jaso du txapela.
Gazta erdiagatik 9.200 euro ordaindu ditu Donostiako Igarako Tecnomotoko Alberto Fernandezek. Iaz 9.000 euro ordaindu zituzten.
Sailkapena horrela geratu da.
1. Patxi Lopez de Uralde Fernandez (Larrea, Araba)
2. Unai Lekuona Ruiz de Luzuriaga (Araia, Araba)
3. Mausitxa (Elgoibar)
4. Zabaleta (Munain, Araba)
5. Ipiñaburu (Zeanuri, Bizkaia)
Oso-oso gazta onak
Pedro Subijana sukaldariak eta epaimahaikideak aitortu duenez, goren-goreneko gaztak aurkeztu dituzte gaur eta gazta batek baino gehiago merezi izan du irabaztea. “Oso-oso maila ona egon da. Gazta askok artifizialak ematen zuten, perfekziotik hain gertu zeudenez”. Hala ere, gazta ukitu eta gerturatu ezin horren falta nabaritu du.
Adur Ezenarroren esker ona
Adur Ezenarro Ordiziako alkatearen esanetan, zaila izan da horrelako lehiaketa bat antolatzea eta aurrera eramatea, baina beharrezkoa izan da ahalegin hori egitea, “gure artzainen eta baserritarren lana lau haizeetara zabaltzeko”. Eskerrak eman dizkie 43 artzainei eta antolakuntzan lagundu duten erakunde guztiei.
Era berean, kontsumitzaileei dei egin die bertako baserritarren eta artzainen produktuak kontsumitzeko. Sistema immunitarioa zaintzeko elikadura egokia beharrezkoa denez, “gure baserritarren eta artzainen baino produktu hoberik ez duzue aurkituko horretarako”.
Ordiziako gazta kofradia esker oneko
Ordiziako Idiazabal Kofradiako Leire Arandiak adierazi duenez, lan handia egin dute segurtasuna bermatzeko bideak jartzeko, “baina dena ondo joan da”. Hori bai, beste urteetan izaten diren 27 epaimahaikideen ordez, 16 bakarrik izan dira gaur, segurtasun distantziak mantentzeko. Era horretan, guztiei eskerrak eman dizkie hainbesteko ilusioarekin lana egiteagatik. “Datorren urtean guztiak itzultzea espero dut”:
Idiazabal Jatorri Izendapena pozik
Miriam Molina Jatorri Izendapeneko ordezkaria ere pozik dago gaurko egunak eman duenarekin, eta eskerrak eman dizkio Ordiziako Udalari. Lehiaketara 43 gazta aurkeztu izanak artzain sektoreak Ordiziako Udala egiten ari den ahalegina eskertzeko izan dela uste du. “Ikusi dugu sektoreak eskertu duela zerbait antolatzea. Oso pozik gaude eta oso eskertuta gaude horrelako ekitaldiak antolatzearekin”.