Goierriko hiru gazta sailkatu dira finalerako
Joseba Insausti ordiziarra, Francisco Javier Muñoa zeraindarra eta Ander Barandiaran idiazabaldarra sartu dira finalean. Irabazlearen berri 13:30ak aldean jakingo da. Ondoren enkantea egingo da.
Ordiziako 47. gazta txapelketara aurkeztu diren 43 gaztetatik, 14 aukeratu dituzte finalerako. Tartean dira, hiru goierritar: Joseba Insausti ordiziarra, Francisco Javier Muñoa zeraindarra eta Ander Barandiaran idiazabaldarra. Eli Gorrotxategi beasaindarraren La Leze gazta ere bai. Azken bi urteetako irabazlea, Lekarozko Julen Arburua, ez da finalera pasa. Orain arteko puntuaziorik altuena Ander Barandiaranek lortu du. Hamalau sailkatuek diploma bana jaso dute.
14 sailkatuak
- Ander Barandiaran (Idiazabal)
- Zabaleta
- Mausitxa
- Berastegi Elkartea
- La Leze (Araba, Beasain-Lazkao)
- Marta Perez Loperena
- Ricardo Remiro
- Joseba Insausti (Ordizia)
- Unai Lekuona Ruiz de Luzuriaga
- Ipiñaburu ETC
- Patxi Lopez de Uralde
- Albi
- Francisco Javier Muñoa (Zerain)
- Sat Olano
Azken probaketak egin ondoren, 13:30ean jakingo da aurtengo irabazlearen berri.
Ateak itxita
Neurri bereziekin eta ateak itxita ari da jokatzen Ordiziako Beti Alai pilotalekuan, latxa eta karrantza ardien esnearekin egindako 47. gazta txapelketa. 10:30ean hasi dira epaimahaikideak 43 gaztak probatzen eta aztertzen. Gazta zatiak ebakita ematen dituzte Kofradiako kideek epaimahaikideei. 12:00ak alderako, gazta finalistak zeintzuk izan diren jakinaraziko dira. 13:30an aldean jakingo da aurtengo irabazlea nor den. Ondoren, urteroko enkantea egingo dute.
Gazta salmenta
Kanpoko pilotaleku txikian, berriz, 14:00ak bitartean, Ordiziako txapelketako azken hamar urteetako irabazleek postuak jarri dituzte. Hain zuzen ere, J. Aranburu idiazabaldarra, Joseba Insausti ordiziarra, Ondarre segurarra, Ricardo Remiro arabarra, Jon Etxebarria bizkaitarra eta Julen Arburua nafarra. Batzuk bi aldiz irabazi dute azken hamar urteetan, eta bi postu jarriko dituzte.