Hasi da Ordiziako 47. gazta txapelketa
43 gazta aurkeztu dira lehiaketara. Neurri bereziak hartuta eta ateak itxita ari da jokatzen Beti Alai pilotalekuan. Kanpoan, azken 10 urteetako irabazleen gaztak daude salgai.
Neurri bereziekin eta ateak itxita ari da jokatzen Ordiziako Beti Alai pilotalekuan, latxa eta karrantza ardien esnearekin egindako 47. gazta txapelketa. 43 gazta aurkeztu dituzte lehiaketara eta 10:30ean epaimahaikideak gaztak probatzen eta aztertzen hasi dira. Gazta zatiak ebakita ematen dituzte Kofradiako kideek epaimahaikideei. 12:00ak alderako, gazta finalistak zeintzuk izan diren jakinaraziko dira. 13:30an aldean jakingo da aurtengo irabazlea nor den. Ondoren, urteroko enkantea egingo dute.
Gazta salmenta
Kanpoko pilotaleku txikian, berriz, 14:00ak bitartean, Ordiziako txapelketako azken hamar urteetako irabazleek postuak jarri dituzte. Hain zuzen ere, J. Aranburu idiazabaldarra, Joseba Insausti ordiziarra, Ondarre segurarra, Ricardo Remiro arabarra, Jon Etxebarria bizkaitarra eta Julen Arburua nafarra. Batzuk bi aldiz irabazi dute azken hamar urteetan, eta bi postu jarriko dituzte.