Industrialdetik Urolara iristen den zaborraren arazoa bistaratu nahi du Eguzkik
Azken egunetan hondakin bilketa egin dute Eguzkiko kideek Urola ibaian, Legazpiko industrialde inguruan.
Urola ibaira Legazpiko industrialdetik iristen den zaborraren arazoaren berri emateko kanpaina abiatu du Eguzki talde ekologistak. Azken egunetan eremu horretan hondakin bilketa egin dute Eguzkiko kideek, «ibai ertzek puntu horretan duten abandonu egoera tamalgarria bistaratzeko». Aparkalekuaren parean aurkitutako zaborra eta hormetan hazten den landaretzatik zintzilik zegoena atera dute, eta bildutakoa argazkietan eta bideo batean jaso dute, arazoaren larritasuna erakusteko.
Asfaltoan utzitako hondakin solidoak direla diote, ondoren, haizeak bultzatuta, ibaira iristen direnak. « Zoritxarrez, herri guztietan gertatzen da», Eguzki taldearen esanetan. Baina hainbat herritako udalek neurriak hartu dituztela ere azaldu du, Azkoitian, Azpeitian, Zestoan eta Tolosan, besteak beste: burdin sare batzuk jarri dituzte ibai ondoko barandaren behealdean, «kalean edo aparkalekuan utzitako hondakinak ibaira eror daitezen eragozteko». Laster, Urretxuk, Zumarragak eta Ordiziak ere hori egingo dutela jakinarazi dute.
Legazpiko Udalari eskaera
Udalari ere neurri bera hartzeko proposatu zion Eguzkik 2019ko martxoaren 1ean. Urola ibaiak bere eskubideak berreskuratzeko «konponbidea» dela dio talde ekologistak.