"Bidasoan gora" liburua aurkeztu du gaur Eneko Aizpurua lazkaotarrak
Tene Mujika saria irabazitako lanaren azalpena egin du gaur idazleak Elkar Argitaletxearekin batera
Gaur goizean aurkeztu du Eneko Aizpuruak bere liburu berria: “Bidasoan gora”. Elkar Argitaletxearen laguntzaz, streaming bidez egin dute liburu honen aurkezpena, garaiko osasun egoerari moldatuz. “Liburua Bidasoan gora oinez egindako bidaia baten kontakizuna da, bidean galdutakoen arrotz etorri eta arrotz joandakoen arrastoan egindako ibilbide baten kontakizuna”, azaldu du lazkaotarrak. Errealitatean oinarritutako istorioak jaso ditu Aizpuruk liburu honetan, nahiz eta aipatutako pertsonai errealen bizipenetan badauden fikzionatutako pasarteak.
Azken hamarkadetan Bidasoa inguruan egondako gertaeren dokumentazio lana egiten hasi zen Aizpurua lehenbizi. Euskal Herriko historia hurbila ezagutzera emateko hautu honetan, jende asko ezagutu eta testigantza ugari jaso zituen liburua idatzi baino lehen, Blas Andresena esaterako. “Maiz entzun izan dugu nondik datozen eta nora doazen badakitelako dituztela askok oinak lur honetan. Gutxiagotan aipatzen dira, ordea, bidean galdutakoak, historiaren ur zurrunbiloak irentsitakoak ahaztuak”, adierazi du Aizpuruak “Hain zuzen, haien arrastoan abiatzen da Bidasoan gora oinez bidaiaria, iragan idealizatutik eta nostalgiatik haratago, nahiz ez jakin nondik nora eramango duen bidaiak sigi-sagan.” Pertsonai nagusia eta liburuaren bizkarrezurra ibaia den honetan, garrantzi handia eman dio oinez egindako ibilbideari, adierazi baitu bidaia hori oinez egin ez balu, liburu hau oso bestelakoa litzatekeela.
“Irakurleak hemen aurkituko ditu migratzaile portuges eta iheslari juduen kontuak, Mikel Zabalzaren eta Eduardo Lopezen fin gaiztoak, Pio Barojak eta Aitzolek Gerra Zibilaren hasieran ihesi zihoazela Bidasoa ibaiaren ertzean topo egin zuteneko pasadizoa, eta Zigatarren Bertizko paradisu galdua; bai eta beste hainbat kontu, guztiak ere Bidasoa ibaiarekin lotuak aldez edo moldez”, esan du azkenik idazle lazkaotarrak.