"Barandiaranen oinatzetan" bisita gidatua egingo dute Ataunen
Jose Miguel Barandiaran gertutik ezagutzeko ibilaldia egingo dute Ataunen igandean
Igande honetan Jose Miguel Barandiaran etnografo eta arkeologo ataundarraren bizipenak ezagutzeko gidatua antolatu du Barandiaran Museoak. Bisita museoan bertan 11:30etan hasi eta 13:00etan bukatuko da.
Barandiaranek 75 urte baino gehiago eman zituen Euskal Herriko ondare material zein immateriala berreskuratzeko lanetan, eta hori dela eta euskal kulturaren aita kontsideratzen dute askok. Barandiaran Museoak, Jose Miguelek hasitako bidea herritarren artean hedatzeko asmoz, bere lan eta bizipenak azalduko dituzte igande honetan. Zailtasunik gabeko bide eroso batetik ibiliko dira bisitariak, arkeologo eta etnografo ataundar honen une eta lekurik aipagarrienak zeharkatuz. Amaieran “Errotatxo” bisitatuko dute.
Prezioa pertsonako 5€ da eta plazak mugatuak direnez ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. COVID-19 osasun-prebentziorako neurriak hartuko dituzte: talde txikiak, segurtasun-distantziak eta gel hidro-alkoholikoaren erabilera. Musukoa norberak eraman beharko du. Izena emateko barandiaran@gipuzkoanatura.eus posta elektronikora idatzi edota 943180335 / 688895069 telefono zenbakietara deitu beharko da. Informazio gehiago nahi duenak web orri honetan aurki dezake.