Ostiralean eta larunbatean jokatuko dituzte Oiangukoek lehen partidak, Olaberriko pilotalekuan.
Asteburu honetan hasiko du 2020/2021 denboraldia Ordiziako Oiangu Pilota Elkarteak. Urtero bezala, Gipuzkoako pala txapelketa izango da egutegiko lehenengo erronka, larruzko paleta jokamoldean. Oianguko bost bikote arituko dira lehian.
Lehenengo mailan, Aitor Luzuriagak eta Oier Alkortak, eta Xabier Ibargurenek eta Martin Mendikoak osatuko dituzte bikoteak. Iaz, finalaurrekoetaraino iritsi ziren Luzuriaga eta Mendikoa. Aurten, finalera sailkatzeko borrokatuko dira bikotekidea aldatuta.
Bigarren mailan, hiru bikote izango ditu Oianguk: Mikel Sanchez-Zuhaitz Letamendia, Patxi Ropero-Garikoitz Agirrezabal eta Hodei Irastorza-Iñaki Agirre.
Ohi bezala, lehenengo jardunaldian klub bereko bikoteek elkarren aurka jokatuko dute, eta Oiangukoek bi derbi izango dituzte. Ostiralean, 20:30ean, Irastorzak eta Agirrek eta Sanchezek eta Letamendiak neurtuko dituzte indarrak, Olaberriko pilotalekuan. Larunbatean, Olaberrian bertan, elkarren aurka arituko dira Ibarguren-Mendikoa eta Luzuriaga-Alkorta, 18:00etatik aurrera