Osakidetzako langileek protestak egingo dituzte berriro
SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek mobilizazioa deitu dute irailaren 18tik aurrera osasun publikoan
SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek Gotzone Sagardui Osasun sailburu berriari ohartarazi diotenez, mobilizazioak areagotu egingo dira irtenbiderik proposatzen ez bada. Komunikatu baten bidez, irailaren 18an berriro ere Osakidetzako langileek protestak egingo dituztela jakinarazi dute.
Irailaren 18an, Osakidetzako langileek protestak egingo dituzte berriro ere, langileen muturreko egoera jakitera eman eta Osasun Sailari osasun-sistemaren arazo larrietarako konponbideak eskatzeko helburuarekin. Arazoen artean aipatu dituzte: langile falta, behin-behinekotasun tasa altuak Osakidetzan, neke fisiko eta emozionala, lanaren gainkarga sistematikoa, estresa, errekonozimendu eza, babesgabetasuna, laneko osasunaren ardura falta, kontziliazio-beharren neurri gabezia eta lan-baldintzen narriadura etengabea.
Osasun Sailak zuzendutako negoziazio kolektiboari buruzko politika “negargarritzat” jo dute langileek. “Azken urteetako murrizketa-politikek osasun publikoaren ahultze progresibo eta kezkagarria eragin dute, eta hori agerian geratu da egungo osasun-krisian”, adierazi dute sindikatuek komunikatuan.
Langileen baldintzak osasun-larrialdi bat agertu ondoren oso agerian geratu direla aipatu duten arren, azken urteotan ere antzeko egoerak gertatu direla salatu dute. Komunikatuan azaldu dutenez, “EAEk inbertsio gutxiago egiten du osasunean inguruko herrialdeekin alderatuta” eta “hau giza baliabideen eta baliabide materialen murrizketan islatu da, batez ere lehen mailako harretan, lan-kargak nabarmen handituz”
Arduradun politikoei, Osasuneko sailburu berriari eta dagokion gobernuari leporatzen dizkiete murrizketak, arretaren kalitatearen galera eta 11 urte lan-baldintzen akordio arautzailerik gabe igarotzea.
Eusko Jaurlaritzari hainbat eskaerak egin dizkiote, esaterako: osasun publikorako aurrekontu-partida bat, pertsonala handitzea, murrizketen berrikuspena, pribatizazioak atzera egitea enpleguak mantenduz edota langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak.
Horrez gain, mobilizazioak deitu dituzte data hauetan:
- Irailaren 18an, kontzentrazioak 13:00etan, lehen mailako arretako lantoki guztietan.
- Irailaren 25ean, 11:00etan, kontzentrazioa ospitale guztietako sarreran.
- Urriaren 3an, 12:00etan, manifestazioa Bilbon.