Intsumisioari buruzko dokumentala Legazpin Beti Gazte elkartearen eskutik
Urriaren 2an emango dute, Latxartegi Aretoan, zine klub denboraldiari hasiera emateko. Sarrerak aldez aurretik erosi beharko dira, 5 euroan.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2020/09/espetxean-1200x812.jpg)
Legazpiko Zine klub elkarteak urrian hasiko ditu zine emanaldiak. Lehena, urriaren 2an izango da, eta estreinaldirako Beti Gazte Animakzio elkartearekin lankidetzan, 2 urte, 4 hilabete dokumentala aukeratu dute.
Lander Garrok zuzendutako lana da 2 urte, 4 hilabete, eta intsumisioaren mugimendua oroitu eta omendu nahi ditu dokumentalak. Derrigorrezko soldaduskaren aurka borrokatu zuten sei lagunen istorioa kontatzen du; sei lagun horiek espetxeratu egin zituzten soldaduskari uko egin izanagatik, nahiago izan zutelako kartzelara joan armadara baino.
Garro zuzendariak aurkezpena egingo du dokumentalaren aurretik, eta ondoren berarekin hitz egiteko aukera izango da. Dokumentala euskaraz eta gaztelaniaz grabatua dago, eta azpitituluak ditu
Beti Gazte elkarteko kideek adierazi dutenez, “gai honek gertutasun berezi bat du gure herrian, jakinda intsumisio mugimenduak LEGIA taldearen inguruan antolaturik izan zuen indarra, euren burua intsumisotzat jo zuten legazpiar mordoa ikusita, eta udala ere, intsumiso deklaratu zelako udalbatza batetan”.
Latxartegi aretoaren edukiera mugatua izango d,a eta egunean bertan sarreren salmentan sor daitezken jende ilarak ekiditeko, sarrerak aldez aurretik salgai jarriko dira 5 euroan. Hizkuntza liburu dendan eta Kukue eta Katilu tabernetan erosi daitezke. Beti Gaztek hiru toki horiei eskerrak eman nahi dizkie, egiten dieten “mesedeagatik”.