Argazkiaren hilabetea da
Legazpi Hiria lehiaketako irudiak jarri ditu ikusgai Ikatza elkarteak. Beasainen 'Argizaiola 'erakusketa ikus daiteke. Bietan, goierritar ugariren lanak
Koronabirusak ez du eten argazkigintzarik Goierrin, argazki elkarteen jardunean aldaketak ekarri baditu ere. Legazpiko Ikatzan hala gertatu da, pandemiak bete-betean harrapatu zuelako Legazpi Hiria estatu mailako lehiaketaren 21. edizioa.
Baina ohi baino beranduago izan bada ere, Ikatzak amaitutzat eman du lehiaketa hori eta kaleratu ditu emaitzak.
Legazpi Hirian 103 partaide
Antolatzaileen esanetan, Legazpi Hiriaren 21. edizioak «oso harrera ona izan du» aurten ere. Guztira 539 argazki jaso dituzte, 103 egilerenak; Madril, Katalunia eta Valentziakoak dira horietako batzuk, baina Euskal Herrikoak dira gehienak.
Sarituen artean goierritarrak daude. Aurten lehen aldiz bi atal bereizi dituzte Ikatzakoek, gai librea batetik, eta gai librea baldintzatua, non manipulaziorik eta edizio artifizialik gabeko argazkiak aurkeztu behar ziren.
Gai librearen modalitatean, Beasaingo Manu Barreirok irabazi du, Liberacion lanarekin; bigarrena Jose Beut Duato valentziarra izan da, Horse lanarekin; hirugarrena, Jose Agustin Gurrutxaga bergararra eta Tormenta sobre el lago; eta herrikoa, Legorretako Xabier Matak irabazi du, Bakarrik argazkiarekin.
Bigarren modalitatean, Angel Martinez Perez zornotzarrak irabazi du Soledad argazkiarekin; bigarrena Santi Viladrich Pujol kataluniarra izan da, S/T lanarekin; hirugarrena, Benito Cantero bergararra eta Txakurra bidea erakusten; eta herriko saria Carlos Mediavilla urretxuarrak eta Protesta lanak jaso dute.
Irabazleen argazkiak eta aukeratutako beste hainbat lan erakusketa batean bildu ditu Ikatzak. Legazpiko kultur etxean dago ikusgai, urriaren 2ra arte, astelehenetik ostiralera, 17:30- etik 20:30era.
Beasainen, Argizaiola
Euskal Herriko Argazki Elkarteen Federakuntzak antolatutako Argizaiola Sarirako puntuagarria da Legazpi Hiria, eta hurrengo edizioan parte hartuko dute saritutako lanetako batzuk, lehiaketa horretarako aukeratutako beste lan batzuekin batera.
Bitartean, Beasainen daude ikusgai azken edizioko Argizaiolako irudiak, Argizpi elkarteak antolatuta. Erakusketa Igartzako Burdiñola aretoan ikus daiteke igandera arte, irailak 27, egunero 18:00etatik 20:00etara eta larunbatean eta igandean baita 12:00etatik 14:00etara ere.
Erakusketan Argizpi elkarteko kide baten lana dago ikusgai, Beasaingo Oskar Gaskonen Comunidad de vecinos. Aipamena jaso du beasaindarrak Argizaiola 2019an, eta horregatik «urte hau pozgarria» izan dela esan du argazki elkarteak.
‘Pelu’-n ere, erakusketa
Legazpiko Joan Kruz ileapaindegian, ‘Pelu’-n, Moncho Trullosen argazki erakusketa dago ikusgai irailean eta urrian zehar.