Beasaingo udal gobernu taldeak "normaltasuna" berreskuratzeko aurrekontua aurkeztu du
Hiru ardatz nagusi ditu. Batetik, osasun krisiaren ondorioz langabetuen kopuruaren igoera murrizteko formakuntza saioak kontratazioa finantzatuko dira. Bestetik, "inor atzean utzi gabe, egoera ahulenean daudenengandik gertuago egonez" gizarte zerbitzuak eta laguntzak indartuko dira. Eta "herri bizia eta dinamikoa inoiz baino gehiago beharrezkoa den honetan", elkarte, eragile eta herritarren ekimenak berraktibatzeko babesa mantenduko da.
Beasaingo Udaleko EAJko zinegotziek 2021ko udal aurrekontu proposamena aurkeztu du. 16.351.000 eurokoa izatea, iazkoaren parekoa, aurreikusi du gobernu taldeak, “herritarren kezka nagusiei erantzuteko asmo sendoarekin jarraituz”. Honela, 2020an hainbat egitasmo “pandemiaren eraginez moteldu” badira ere, horiek berraktibatzea izango da EAJrentzat lehentasunetako bat. Horrezaz gain, “herritarrak jomugan izanik, gastu soziala indartu, behar gehien dutenei erantzun inor bazterrean utzi gabe eta udalerriko elkartegintza sareari laguntzako mantentzeko asmoari eusteko helburuarekin ondu” du 2021ko aurrekontua.
Udala osatzen duten gainerako alderdien ekarpenekin “aberastu” nahi dutela adierazi du Aitor Aldasoro alkateak. Urriaren 29ko osoko bilkuran bozkatuko dute 2021eko udal aurrekontua. Finantza egoerari dagokionean, “gobernu onaren kudeaketa eredua jarraituz, Beasaingo Udalak 11 milioi euroko aurrezkia du gastuan egindako kontrol zuhurrari esker. Kopuru horrek aukera ematen du gobernu-taldeak aurreikusita egitasmoei aurre egiteko, zorpetu edo banku-kredituak eskatu beharrik gabe”.
Bost helburu estrategiko
1.Jarduera ekonomikoa eta enplegua. Herritarren etorkizuna hobetuko duten proiektuei heldu nahi die udal gobernuak. Aldasororen esanetan, “pertsonen ongizatea eta bizi kalitatea bermatzea helburu duena eta enpleguaren sustapena eta tokiko ekonomia bultzatzea lehenesten duena”. Honela, langabeziak %10eko langa gainditu duenez (otsaileko datuekin alderatuz, 220 herritar gehiago daude langabezian), “enplegugarritasuna suspertzeko langabetuen perfilari erreparatuz formazioaz gain ikasleen kontratazioa –sei hilabeterako–bermatzeko konpromisoa” hartu du datorren urterako.
Enplegu planari lotuta, formazio espezifikoa bultzatzeko ikasketak dituzten beasaindar langabetuentzako Goierri Eskolan ikastaroak sustatuz jarraituko dute. Bestalde, garapen ekonomikoan lagunduko duen Berbiarazi programa burutuko da 2021eko apirilerako (Aldundiari aurkeztu zaiona); “honen bidez, eskualdeko enpresa guztien egoerari buruzko diagnosia egingo da ondorioak abiapuntutzat hartuz beharrezkoak diren ekimenak abian jartzeko”.
Merkataritzan lokal hutsak betetzeko helburuarekin alokairurako diru laguntzak bideratuko dira; “eremu degradatuak biziberritzeko, lanbide berriak erakartzeko edota belaunaldien aldaketa gertatzean laguntza izateko. Halaber, paisaia linguistikoa euskalduntzeko egitasmoa, salmentarako on line plataforma eta erosketa sustatzeko bonoak jarriko dira eskuragarri”.
2.Inor bazterrean utzi gabe
Ongizate sailaren “egitura egonkorra eta balekoa dela frogatuta geratu” bada ere, udal gobernuak indartu egin du egoerak eskatutakoaren arabera. “Horregatik udal gobernuak ez du inor atzean bazterturik utzi nahi eta egoera berrira egokitzeko laguntza eskainiko du”. Gizarte ongizatean hainbat zerbitzuetan gastua igoko da Malu Vallesek nabarmendu duenez. “Etxez etxeko laguntzarako %12, pertsona helduen konpainia zerbitzurako %32, eguneko zentrorako %5, mendekotasunari aurre egiteko tailerretarako %10. Ahulezia egoeran dauden herritarrei erantzuna emango dien baliabideak eta gizarte larrialdietarako laguntzak beharren arabera egokituko dira. Iñor atzean, baztertuta edo laguntzarik gabe geratu ez dadin beharrezko baliabideak bideratuko dira”.
3.Hiri-mantenua eta hobekuntzak
Leire Artolaren esanetan, “dagoena hobetu eta konpontzea lehentasuna” da udal gobernuarentzat. “Mantenu lanen garrantziaz jabetuta lorategiak, espaloiak, hiri-altzariak, argiteria, asfaltaketa kanpainak eta abar dira arlo honetako ekimenak. Era berean etengabeko hobekuntzaren bidean, herritarrek tokian tokiko kalteen berri eman ahala, eraginkortasunez konponbidea ematea da udalaren konpromisoa”. Era berean, herriko gune ezberdinetan eta auzoetan hobekuntzak egiten jarraituko dute, “herritarren beharrei egokitutako Beasain atseginago, erosoago, irisgarriago eta finean bizigarriagoa eraikitzen jarraitzeko”.
Esku-hartze urbanistikoei dagokionez, “COVID- 19aren eraginez 2020ko aurrekontuak berregokitu ondoren, aurreikusitako erreforma-proiektu batzuk 2021ean gauzatuko dira”.
Lanen eta inbertsioen artean ondorengoak azpimarratu ditu Artolak: Oriamendi kalearen konponketa, Nafarroa etorbidea eta Oriamendiren arteko irisgarritasuna hobetzeko igogailua, erakusketa areto berriaren erosketa, edo Urbi-etxean egingo den Aranealde erretiratu elkartearen egoitza berria, Dolarea parkea birgaitzeko proiektua eta Igartza Oleta kalean norabide bikoitza jartzeko lanak, espaloietan egingo diren beheraguneak edo hozkadurak irisgarritasuna hobetzeko, San Inazio kaleko eraberritzearen azterketa, Bonberia eraikinaren proiektua dantza tradizionalari lotuta, Porteria eremuko berurbanizazioak bere bidea egiten jarraituko du, “uholdegarritasun arriskuari amaiera emango dioten lanen hurrengo urratsak emanez”. Tokiko elkarte eta eragileekin egindako Mugikortasunaren mahaiaren proposamenak gauzatzeko Mugikortasun plana egin eta gauzatzea aurreikusi du aurrekontuak.
Ingurumenari lotuta, Oria ibaia balioan jartzeko helburuz ertzetik igarotzen den natur bidea edo ibilbide berdea egiteko azterlana egingo da. Baita, Erauskin eta San Martin auzoak lotuko dituen bide berdea ere.
4.Euskara eta parekidetasuna
Euskarari eta parekidetasunari dagokionean, “sail guztietan zehar lerro gisa hedatzen diren arloak dira gobernu taldearentzat hizkuntza politika eta berdintasuna. Hizkuntza politikaren alorrean Aittu Beasaingo euskara taldearekin elkarlanean jarraituz sentsibilizazio ekimenak landuko dira euskararen erabileraren sustapenerako. Abian diren proiektuak indartuz jarraituko da (hizkuntza errefortzurako zerbitzua euskararen erabilera indartzeko, Euskara Oinarritik Kirolean ezagutza eta erabilera sustatzeko … )”.
Bestalde, “gizarte parekideagoa eraikitzeko aurrera pausoak etengabe emanez jarraituko du udal gobernuak. Berdintasun arloan, Herrilab proiektuaren hurrengo fasean ekintza plana abian jarriko dela Foru Aldundiarekin elkarlanean Beasain kontziliazio erantzunkidearen eredu izateko Gipuzkoan. Horretaz gain, zaintzarako diru laguntzen lanketa, jabetza eskola, berdintasun foro edo kontseilua eta sentsibilizazio kanpainak abian jarriko dira”.
5.Herritar dinamika suspertzea
Herri bizitza inoiz baino garrantzitsuagoa den honetan, “Elkartegintza eta herritar zein eragileek herria bizirik mantentzeko egiten duten lana berraktibatzea eginkizun hartuta, tokiko elkarteekin sinatutako hitzarmenei esker diru laguntza kopuruak mantendu egingo dira”. Honela, ikuskizunak eta ekitaldiak egungo osasun egoerak eskatzen dituen neurri eta baldintzei egokituta burutuko dira. Kulturan, Igartza Musika Beka, Igartza Musika Programa zikloak jarraipena izango dute eta dantza tradizionalari dagokionez, dantzan.eus elkartearekin elkarlanean jarraituko da hitzarmena berrituz. “Antzerkia indarrean jarriko da programa bereziei leku eginez nahiz eta egoeraren baitan kale antzerkia ezin izango den eskaini”.
Kirolean ere elkarteei zuzendutako diru laguntzak mantenduko dira. “Kasu batzuetan igoko dira, igeriketa taldea edo arku tiroketa elkarteei dagokionean adibidez. Kiroldegian egingo diren inbertsio berriek ere jarraipena izango dute etengabeko hobekuntzan erabiltzaile onuradunek kalitatezko zerbitzua jasotzen jarrai dezaten. Aireztapen instalazioa eta taberna berriaren proiektua gauzatuko dira”.