Elikagai bilketa erraldoia egiteko deialdia egin du Zaporeak-ek
Lesboseko Moria kanpalekua kiskali ondoren, errefuxiatuei laguntzeko Euskal Herri mailako janari bilketa deitu dute. Araman, Legorretan eta Gabirian bat egin dute
Arroz luzea, lekaleak eta makarroiak bilduko dituzte, besteak beste. // A.Aranburu Iragan irailaren 8an sute batek Lesbosko irlan (Grezia) Moriako errefuxiatuen gunea kiskali zuen. Gipuzkoako Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundeak beste behin ere, bere aletxoa jarri nahi du, Europara iristeko aukeraren zain dauden errefuxiatuei laguntzeko. Horregatik, elikagai bilketa erraldoia egiteko deialdia zabaldu dute lau haizetara. Euskal Herri mailako deialdia da. Goierrin ere egingo da elikagaien bilketa, Legorretan, Araman eta Gabirian. Herritar guztiei laguntza eskatu diete.
Azken egunetan, sare sozialen bidez asko dira kanpaina horri laguntzeko helburuarekin, elikagai bilketaren informazioa partekatu dutenak, tartean Euskal Herrian oso ezagunak diren hainbat pertsona.
Izan ere, egoera «larria» da. Ane Irazabal kazetariak arazoa bertatik bertara ezagutu du eta honela deskribatu du: «Moriak errautsez beteriko gerra eremu bat dirudi. Errefuxiatuek ahal zuten bezala ihes egin dute eta gose dira».
Zaporeak erakundeak ederki ezagutzen du eremua, urteak dira bertan lanean ari direla, errefuxiatuek egunean behin behintzat, otordu duin bat izan dezaten: «Lesboseko uharteko kanpaleku berrian dauden pertsona errefuxiatuek egoera larria bizi dute. Zaporeak-etik, janaria prestatzen jarraitzen dugu otordu duin bat eskaintzeko».
Goierriko bilketa puntuak
Legorretan, Araman eta Gabirian, bat egin dute Zaporeak-ek egin duen urgentziazko deialdiarekin. Ondorengo elikagaiak bilduko dira: arroz luzea, makarroiak, lekariak (dilistak, txitxirioak eta babarrunak), atun eta sardina latak, espeziak (piperbeltza, piperbeltz zuria, kuminoa eta curry-a), esne-hautsa eta barrita energetikoak.
Gabirian, gaur arratsaldean egingo dute bilketa, herriko plazan, 19:00etatik aurrera. Legorretan, bihar, larunbata jasoko dituzte elikagaiak, pilotalekuan, 11:00etatik, 14:00etara. Eta Araman, bihar, larunbata, Iriarte aretoan, 11:00etatik 13:00etara.
12.000 pertsona kalean
Lehen ere egoera konplexua zen Morian eta koronabirusak egoera zaildu egin du. Kanpalekuan COVID-19aren lehen kasua detektatu eta ordutik, ezbeharrak bata bestearen atzetik etorri dira. Ondoren, sute batek 12.000 lagun bota zituen bere etxoletatik, eta noraezean utzi zituen. Greziak indarrez erantzun zuen, eta tiro eremu batean kanpaleku inprobisatu batzuk egin zituen, 3.000 lagunentzako, nahiz eta kalean gelditutakoak 12.000 izan. Gainera, ez diete bertatik ateratzen uzten.
Zaporeak-eko boluntarioek bestalde, itxialdia egin behar izan dute hainbat egunez, koronabirus kasu batengatik; dena den, azkar antolatu dira egunero banatzen dituzten 1.200 janari anoak prestatzen jarraitzeko.












