Idiazabalgo Udalak Euskaraldiarekin bat egin du
Euskaraldiaren sustatzaile den Illati euskara elkartearekin elkarlanean jardungo du udalak. Ekimena zabaltzeko erantzukizuna hartu dute.
Idiazabalgo Udalak Euskaraldiarekin bat egin du. Adierazpen instituzional baten bitartez azaldu dute udalbatza ekimenaren sustatzailea izango dela: “Ordezkari politikoon egiteko nagusia izango da Euskaraldiaren markoan eta bereziki udal barrura begira ekimena zabaltzea”.
Ekimenaren bidez ahobizi eta belarriprestak aktibatuko dituzte arduradun politikoek eta udaleko langileek. Euskaraldiaren sustatzaile den Illatu euskara elkartearekin batera ariko dira lanean. Izen emateak erraztuko ditu Illatik, eta udal barruan ez ezik, herrian ere herritarrak parte hartzera animatuko ditu.
Azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango da aurtengo Euskaraldia. Norbanakoez gain, aurten entitateei ere egin zaie ariketan parte hartzeko gonbidapena hizkuntza ohiturak aldatzeko.