Ikasturtea aurrera doa
Hasierako kezkak eta urduritasunak gaindituta, ikastetxeetan aurrera doa ikasturtea. Ikasleak pozik eta seguru daude, baina irakasleak baliabide eta aurreikuspen faltaz kexu dira Legazpin
Ikasturte hasierarekin batera itzuli da Legazpiko kaleetara goizeko 09:00ak inguruko zalaparta eta haurren zarata alaia. Aurten inoiz baino alaiagoa izan da gainera, koronabirusaren ondorioz sei hilabete luze egon direlako txikiak eskolara joan gabe.
Herriko bi ikastetxeetan, Domingo Agirre eskola publikoan eta Haztegi ikastolan, irailaren 7an hasi zuten ikasturtea COVID-19aren aurrean protokolo zorrotzak ezarrita.
Aldaketa ugari
Haztegi ikastolan, ohi bezala,oporren aurretik jarri ziren ikasturte berriari begira, Sagrario Etxabe zuzendariak azaldu duenez, «aurrelanak uztailean egin genituen».
Aurrelan horietako bat, eraikuntzaren ezaugarriei erreparatu eta ikasleen sartu-irtenak antolatzea izan zen, pilaketak saihesteko. Hala, mailaka banatuta, lau ateak erabiltzen dituzte, eta sarrera eta irteera orduak mailakatu egin dituzte. Jolas orduak ere egokitu dituzte, horretarako erabiltzen dituzten espazioak ikastolako 12 talderen artean banatuz; «talde bakoitzak eremu bat du, eta ezin dira nahastu», dio Sorkunde Uzkudun LHko koordinatzaileak. Ikastolaz kanpoko eremuak ere hartu behar izan dituzte, «Agirre-Etxeberriko parkeko goi eta behe aldeak, eta Latxartegiko parkea osorik hartu dugu».
Geletan ere egin dituzte aldaketak, eta mahaiak beste modu batera jarri dituzte, distantziak handitzeko, hori guztia, metodologiaren kaltetan. «Taldekako lanak beste modu batean egiten dituzte orain»; 1. eta 2. mailan lantzen ari ziren txokoen arteko zirkulazio autonomoa, berriz, bertan behera utzi dute. Lourdes Ugarte irakasleak azaldu duenez, «oso pozik geunden sistema horrekin, baina hori dena geldirik dago orain», gela barruan egon behar dutelako ikasleek.
Aldaketa askotxo dira, baina ikasleek «espero baino hobeto» hartu dituzte. «Gehienak gustura datoz, lagunekin eta ikastolara itzultzeko gogoa zuten». Klaseko lehen astea COVID-19aren ondorioz ezarritako jarraibideak azaltzeko baliatu zuten, eta «oso barneratu dute egoera».
Irakasleak, berriz, «oraindik egokitzen» ari dira, eta egoera berriak lan gehiago ekarri diela kexu dira, jolas orduaren zaintzan, adibidez. Ikasturtea «oso gogorra» izango dela aurreikusten du Ugartek –irakaslea eta COVID-19ko koordinatzailea da– eta maskararekin klaseak ematea zein zaila den aipatzen du adibide gisa, «ozenago hitz egin behar da, ez da ondo ulertzen…».
Antolaketa berriaz arduratu den zuzendaritza taldearen barruan, «beldurra, ardura eta urduritasuna» zabaldu ziren klaseak hastearekin, baina hirugarren astea amaitzear denean, lasaitasuna iritsi da, «nahiz eta tutore batek positibo eman duen eta gela bat konfinatuta dugun», azaldu du Etxabek. Horrelakoak gertatzen direnean, protokoloak martxan jarri eta kanpotik agindutakoari jarraitu behar diote, «erabakiak ez daude gure esku, eta horrek lasaitasuna ematen digu», dio Uzkudunek.
Irakasleen positiboak, ikasleenak… gehiago izango direlakoan daude, eta horrek eragingo duen kasuistika zabalaren aurrean «baliabide falta» nabaritu dute,klaseak on line emateko, edo langileen ordezkapenak egiteko. Hala ere, eskolak aurrez aurre berriz emateak eta ikasleekin zuzeneko harremana izateak guztia konpentsatzen dutela diote.
Baliabide falta
Domingo Agirre ikastetxean ere uztailean hasi ziren ikasturtea prestatzen, Itziar Etxezarreta zuzendariak eta Marian Vega ikasketa buruak azaldu dutenez. «Lehen protokoloak iritsi zirenean, talde bat osatu genuen irakasle eta gurasoen artean, eta irailari begira hasi ginen sarrera-irteerak, jangelako antolaketa, espazioak… aurreikusten». Klaseak hasi baino lehen, irailean gauzatu zuten logistika berriak eskatzen zuen guztia.
Protokolo orokor hark, ordea, zehaztapenak izan ditu gerora, eta horietako batzuk berandu iritsi direla kexu da zuzendaria, «zaintza zerbitzukoa, edo jangelakoa», azken hau herenegun iritsi zela dio, zerbitzua dagoeneko martxan zegoenean. «Aurreikuspen falta ikaragarria dago», Etxezarretaren ustez.
Ikasleen sarrera-irteerak, komunaren erabilera, jangelako antolaketa, eskola barruko joan-etorriak, jolas orduen txandak… egokitu egin behar izan dituzte protokolo orokor hari jarraiki, baita gelak ere, «baina gureak handiak dira eta aukera izan dugu taldekako dinamika mantentzea».
Egoera berri honekin, irakasleek lan handiagoa dutela ere aipatu du zuzendariak. Lehenago hasten dira lanean, gelak aireztatu egin behar dituztelako eta ikasleen bila irten behar dutelako patiora, «egunero ordu laurden bat da, eta borondatez egiten duten lana da». Bilerak ere gehiago egiten dituzte, eta horretaz gain, zuzendaritza eta COVID-19ko arduraduna eskuragarri egon behar dira astebururo, ikasleen eta irakasleen egoeraren jarraipenaren gainean egoteko. «Horretarako ez dituzte giza baliabide gehiago jarri, eta lehen lan karga gutxi bagenuen…». Ordezkapenak egiteko garaian dauden zailtasunak ere aipatu dituzte Etxezarretak eta Vegak, bajak ez dituztelako berehala ordezkatzen.
Giza baliabideak bakarrik ez, materialak ere falta dituztela azaldu dute. Maskara bereziak, termometroak, gel poteak, desinfektatzaileak, zakarrontzi bereziak… eskolak berak erosi behar izan ditu. Eta arazoak areagotu egingo dira, Etxezarretaren esanetan, berriz ere etxera itzuli behar bada, baliabide digitalak ere falta direlako. «Orduan, ikastetxe bakoitza hala nola moldatu beharko da, martxoan egin genuen bezala».
Domingo Agirreko ikasleen jarrerari buruz galdetuta, «oso ona» dela diote; «lehen egunean beldur edo kezka pixka bat nabaritzen zitzaien, baina orain «pozik daude, lasai, gogoz datoz».
Irakasleek ere gogoz hartu dute klasera itzulera, eta «lehengo egoerara» itzuli nahi dute, «gertutasunera, afektibitatera…haurrek faltan botatzen dute,baina guk ere bai».