Iparragirreren hitzak, haren arkupean
Urretxuko Iparragirre kaleko arkupeari oihalezko sabaia jarri diote: Jose Mari Iparragirre herriko musikariaren hitz ezagunenekin dago apaindua, eta gauetan argiztatu egiten da.
Urretxuko Udala herriguneko alde zaharra berritzen ari da. Nagusiki, udaletxe aurreko plaza eta garai bateko kale nagusia; Iparragirre plaza eta kalea, hain justu. Izan ere, Urretxuko semerik ezagunenetako bat jaio zela 200 urte bete dira aurtengoan, eta haren izena daramaten lekuak atondu dituzte.
Udalak alde zaharra biziberritzeko plana aurkeztu zuen urte hasieran, eta aldaketak iragarri zituzten: Iparragirre plaza eta Jauregi kalea bereizten dituen hormaren erdian estalitako harmaila bat egingo zutela aurreratu zuten, plaza zabaldu eta egonean egoteko atseginagoa izan zedin. Iparragirre kalea eta bertako arkupeak ere apainduko zituztela esan zuten, eta emaitza ikusgai dago aurreko astetik.
Iparragirre kaleko arkupeek 65 metro inguru dituzte luzeran, eta alderik alde oihal zuri batek gurutzatzen ditu orain. Oihalak, alboetan, detaile grisak, gorriak eta urdinak ditu; eta, erdian, eskuz idatzita baleude bezalaxe, Iparragirreren kantu-hitz ezagunenak daude: Gernikako Arbola, Gazte-gaztetatikan, Gitarra zahartxo bat, Zibilak esan naute… Gauetan argiztatu egiten da. Sabaitek enpresa arduratu da sabaia atontzeaz. Paulo Elkoro bertako arduradunaren arabera, “hilik zeuden arkupe batzuetara argia eta artea” eraman dute. “Oso gustura gelditu gara lanarekin. Xabier Arruabarrena arkitektoak oso lan egokia egin du. Inguruko dendarien eta bizilagunen erantzuna ere ona izan da”, borobildu du.
Iparragirrek kantatu zuen trapu zaharrak erosten zituela: “praka zahar urratuak/gona gorri zaharrak eta/atorratxuak“. Gore-Tex–ezko jakarik, ez. “Oihala poliesterrezkoa da, jantzita eramaten ditugun arropak bezalakoa. Ia-ia Gore-Tex moduko bat da, baina eraikuntzarako pentsatua”, zehaztu du Elkorok. “Poliesterrari gero hainbat tratamendu ematen dizkiogu erresistenteagoa izan dadin: tratamendu akustikoa, bakterioen kontrakoa, suaren kontrakoa…”. Pladurra ordezka dezake, hala, Elkororen esanetan: “Sistema berria da, eta askok oraindik ez dute ezagutzen, baina datozen urteetan toki askotan ikusiko dugu”.
Urria, ekintzaz beteta
Urretxun kalean egon arren, oihalezko sabaiak eta hormak ez daude kalean egoteko pentsatuak. “Arkupearen azpian babestuta dago oihala, baina euriak eta eguzkiak luzera kalte egingo liokete oihalari. Barne diseinurako dago egina”, dio Sabaitek konpainiako arduradunak. Enpresa Bergaran dago, oihalekin lotura estua duen herrian. “Bergaran 500 urte daramatzagu oihalak lantzen. Oso propietate interesgarriak ditu oihalak, baita eraikuntzarako ere. Esaterako, zaratak xurgatu egiten ditu, eta konfort akustikoa lortzeko gaitasuna du. Zeharrargia ere bada, eta, tratamenduei esker, mikrobioak eta bakterioak ez dira bertan hazten. Gainera, hondakin gutxiago sortzen du, eraikuntzarena zabor asko sortzen duen industria baita”. Eskoletarako, kiroldegietarako eta antzokietarako ezin aproposagoa dela baieztatu du Elkorok.
Urretxuko Udalak urte osoko egitaraua antolatu zuen, Iparragirren jaiotzaren urteurren borobilaren harira. COVID-19ak plan guztiak hankaz gora jarri zituen, baina ahal den neurrian egiten ari dira ekintzak. Urrian ere izango dira askotariko ekitaldiak.
Hilaren 4an, esaterako, alde zaharreko igande gastrokulturala antolatu dute, eguerdian. Aldapa, Goiko Kale, Ezkurra eta Navarro tabernek XIX. mendeko itxura hartuko dute. Iparragirreren abestiekin girotuko dute ingurua, eta garai hartako irudiak ikusgai egongo dira. Iparragirre pintxoa ere sortu dute, eta edariarekin opari emango dute. Urriaren 25ean berriz errepikatuko dute.
Urriaren 4an ere Iparragirreri buruzko bisita gidatua egingo dute alde zaharreko kaleetan. Artistaren bizitza gogoratuko dute alde zaharreko eraikin esanguratsuenen bitartez, eta XIX. mendeko testuingurua ere jorratuko dute: gerrak, erbestea, migrazioa… Jende asko ez pilatzeko, izena eman behar da aldez aurretik, urriaren 2a baino lehen. Euskaraz nahiz gaztelaniaz egingo dira bisitak.
Urriaren 25ean beste txango bat izango da; QR kodeen atzetik, oraingoan. Urretxun hainbat QR kode jarri dituzte. Lehendabizikoa Iparragirre kalean egongo da, eta, hori eskaneatzean, Iparragirreri buruzko informazioaren zati bat emango du. Hark bidaliko zaitu bigarren puntura, eta formula behin eta berriz errepikatuta, amaieran historia osatu egingo da. Edonoiz egiteko modukoa da ibilbide hau, sakelako bat besterik ez baita behar, baina urriko azkeneko igandean taldean egingo dute.
Antzezlan berria
Iparragirre 200 urte antzerkia ere urriaren 25ean estreinatuko dute, Labeaga aretoan, 19:00etan. Haren zortzi abestiren bidez, ikuslea artistaren nortasunari, ibilbideari eta garaiari begira jarriko da; “epikarik gabe, Iparragirre gizaseme modura ikusita”, nabarmendu dute antolatzaileek.
Urte amaierako ekintzak pandemiaren bilakaerak baldintzatuko ditu. Ekitaldiak egiteko aukera baldin badago, segurtasun neurriak betez egingo dituzte.