Ataundarrak garaile Zubizarretaren debutean
Zubizarreta III-Albisu bikote ataundarrak irabazi du gaur Auzoetako frontoian, Bengoetxea IV eta Arangurenen aurka, 22 eta 13. Zubizarretaren debuta izan da profesionaletan.
Iraitz Zubizarretak garaipena lortu du haren debut egunean. Profesionaletan jokatu duen lehenengo partida izan da, Ataunen bertan, eta beste ataundar bat izan du bikote gisa: Jon Ander Albisu. Oinatz Bengoetxea eta Aitor Aranguren bikotearen aurka 22 eta 13 irabazi dute goierritarrek.
Euskal Herriko lau eta erdiko txapeldun izan da afizionatuetan Zubizarreta, 2017tik 2019ra, eta orain Baiko enpresarekin egin du debuta profesionaletan. Giro paregabea egon da Auzoeta frontoian. Aforoa %60ra murriztuta, herrikideek babesa eskaini diote Ataungo bikoteari. Partida hasi baino lehen Ataungo pilota taldeko haurrek harrera egin diete pilotariei. Hainbat pankarta eskegi dituzte pilotari gazteari animoak emateko, eta ‘Zubi Zubi, Zubi Zubi’ kantika ere entzun da frontoian.
Ataundarrek abantaila hartu dute markagailuan hasieratik. Lehenengo atsedenaldira 12 eta 4 iritsi dira. Azkenean, 22 eta 13 amaitu da partida. Debut egun goxoa profesionaletan hasi berri den ataundarrarentzat.