Beasaingo udal taldeek atzo gauean agertutako pintadak gaitzetsi dituzte
Oriamendi kalean agertu dira pintaketak. Beasaingo Udalak adierazpen oharra argitaratu du: "Zentzurik ez duten mehatxu pertsonalek ez dute lekurik bizi dugun egoeran eta gizartean".
Beasaingo Oriamendi kalean pintadak egin dituzte gauean. Beasaingo Udalak adierazpen oharra argitaratu du horren harira: “Zentzurik ez duten mehatxu pertsonalek ez dute lekurik egun bizi dugun egoeran eta gizartean”. Udalaren oharraren arabera, udal talde guztiek salatu dituzte pintaketak, EH Bilduk izan ezik: “Beasaingo Udala osatzen dugun alderdi politiko guztiok, EH Bildu ezik, bart herriko zenbait paretetan azaldu diren pintadak publikoki salatzen eta gaitzesten ditugu”, esan dute oharrean.
EH Bilduk, halere, azaldu du taldeak ere gaitzesten dituela pintadak: “Gertaera eta mezuarekin ez dugula bat egiten esan nahi diogu herriari; injustizia guztien aurrean jarrera berdina eskatzen diogu udalari eta baita Beasaingo herriari ere”. Gehitu du beasaindarren “elkarbizitza” eraikitzea dela haien helburua, “giza eskubide guztien aitorpenaren oinarrian”.