Lesbosera bidaltzeko elikagai bilketa egin dute Goierriko hainbat herritan
Irailaren 8an Lesbos irlan dagoen Moria errefuxiatuen gunean sutea izan zen. Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundeak Euskal Herri mailako deialdia egin du janaria biltzeko. Goierrin Gabiriak, Ordiziak, Legorretak eta Aramak bat egin dute.
Errefuxiatuei laguntzeko Gipuzkoako Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundeak elikagai-bilketa deialdia egin du Euskal Herri mailan, eta Gabirian, Legorretan, Araman eta Ordizian bat egin dute ekimenarekin.
Joan den irailaren 8an sutea izan zen Lesbosen (Grezia) dagoen Moriako errefuxiatuen gunean. 12.000 lagun zeuden bertan. Greziako Gobernuaren erantzuna tiro eremu batean kanpaleku inprobisatua egitea izan zen. Kanpaleku berria, baina, 3.000 lagunentzako soilik da, eta sartuz gero errefuxiatuek ezin dute bertatik atera.
Zaporeak-ek 1.200 janari ano banatzen ditu egunean Lesbosen, eta urtero antolatzen ditu elikagai edo arropa bilketak. Deialdi honetan arroz luzea, makarroiak, lekariak (dilistak, txitxirioak eta babarrunak), atun eta sardina latak, espeziak (piperbeltza, piperbeltz zuria, kuminoa eta curry-a), esne-hautsa eta barrita energetikoak bildu dituzte. Elikagaiez gain, Zaporeak-ek kontu korronte bat ireki du diruz ere laguntzeko.
Gabirian atzo izan zen bilketa, eta Ordizian, Legorretan eta Araman gaur goizean izan da. Ordizian eltzeitsua jarri dute elikagaiak ez ezik dirua ere biltzeko.