Osasuna eta Eskubideak plataformak deituta, auto karabanak egin dituzte Goierrin ere
Eztabaida zientifikoa aldarrikatzeko eta covid19ak eragindako egoeraren aurrean hartutako neurriak salatzeko egin dituzte. Donostiatik, Bilbotik, Gasteiztik eta Iruñeatik atera eta Arantzazun elkartu dira.
Osasuna eta Eskubideak plataformak deituta auto karabanak egin dituzte Hego Euskal Herriko hainbat tokitan. Goierritik ere pasa dira. Donostiatik, Bilbotik, Gasteiztik eta Iruñeatik abiatu dira autoekin 9:00etan, eta Arantzazun elkartu dira.
Covid19ak eragindako egoeraren aurrean hartutako neurriak salatzeko eta eztabaida zientifikoa aldarrikatzeko egin dituzte karabanak: “Egun batetik bestera, herritarren eskubideak inolako oinarri zientifiko eta justifikazio gabe urratu dituzte”, esan dute. Hartutako neurriek bizitzan “eragin negatiboa” dutela adierazi dute: “Osasunean, eskubideetan eta ekonomian”.
Horrez gain, osasun zerbitzua ere izan dute hizpide: “Ozen adierazi nahi diegu ez gaudela konforme osasun zerbitzuan jasaten ari garen arretarekin, osasun arloan egiten ari diren murrizketekin, pertsona nagusiek zahar etxeetan jasan duten eta jasaten ari diren utzikeriarekin, gure seme-alabak bizitzen ari diren distopiarekin, komunikabideen bidez herritarren artean sortu duten izuarekin, martxotik hona sufritu ditugun eskubide murrizketekin eta poliziarekin errepresioarekin”.