Erreka Egunaren faltan, ibaia udalak garbi dezala eskatu du Eguzkik
Ibaietatik hondakinak jasotzea ezinbesteko dela dio Eguzkik, urak eramaten dituelako bestela
Legazpin aurten Erreka Egunik ez dela egin eta, Eguzki talde ekologistak udalari eskatu dio ibaia garbitzeko, uste duelako «Erreka Eguna ez egitea ez dela oztopo Urolatik zaborrak ateratzeko».
Eguzkiren esanetan, udalak «hainbat aukera ditu» Urola ibaiaren garbiketa egiteko, baina Azpeitiko Udalak egingo duena «interesgarria» iruditzen zaio. Ibai Eder ibaiaren 5 kilometroak «modu profesionalean garbitzeko enpresa espezializatu ba»t kontratatu du Azpeitiko Udalak, foru aldundiak lan horien %40 ordainduta; garbiketa lanak atzo hasi zituzten. Ibaia garbitzeaz gain, enpresa bera arduratuko da hondakinak sailkatzeaz eta dagokien tokira eramateaz. Ordiziako Udalaren kasua ere aipatu du Eguzkik; «duela bi urte hasitako lanarekin jarraituko du, eta 2020an Oria ibaia eta Ordiziako tarteko Amundarain erreka ere garbituko ditu profesionalki».
Ibaietatik hondakinak jasotzea ezinbesteko dela dio Eguzkik, urak eramaten dituelako bestela, «ibaiaren ur emaria igotzen denean eta urak indarrez jaisten direnean, zati bat arrastatu egingo da, gure kostaldean amaitzeko». Iaz Erreka Eguna egin izan ez balitz, ateratako hondakinen zati batek «itsasoan amaituko zukeen». Horregatik eskatu dio udalari aurten berak garbitu dezala Urola ibaia.