Musikariak, itolarrian
Grabazioak egiteko diru laguntzak emango dizkie udalak herriko musika taldeei. Zuzenean jotzeko aukera faltaz kexu dira musikariak. Subeltzako talde batzuk estudioan sartuta daude
Legazpiko musika taldeei grabazioak egiteko diru laguntzak emango dizkie hamabigarren urtez udaleko Haur, Nerabe eta Gazteak zerbitzuak. Musikariei euren diskoa argitaratzeko bultzada ematea da helburua.
Gehienez 1.000 euro jasoko ditu talde bakoitzak, eta lehentasuna izango dute lehen aldiz eskaera aurkezten dutenek, gazteek osatutako taldeek eta euskaraz sortutako grabazioek.
Urriaren 30era arteko epea dute eskaerak egiteko, udaleko webguneko egoitza elektronikoaren bidez edo Herritarrentzako Arreta Bulegoan.
Musika ez da gelditu
Grabazioak egiten ari dira azken hilabete hauetan, hain zuzen, Legazpiko Subeltza kolektiboko musikarietako batzuk, «zuzenean ezin dugu jo, eta estudioan sartu eta denbora aprobetxatzen ari gara», azaldu du Insanos taldeko Edu Gilek. Kontzertuen faltan, horixe da musikarientzako erronketako bat une hauetan.
Gil kexu da gaur egun jotzeko aukera gutxi dituztelako, eta jotzen dutenean edukiera murriztuta eta publikoa eserita egon behar delako. «Ez da kontzertu bat ikusteko modurik egokiena», musika «dantzatzeko» delako bere ustez, eta horrela jotzeak bera ez duela erakartzen aitortzen du, «deskafeinatua» dela iruditzen zaio.
Legazpin, hala ere, izan da mota horretako kontzertu bat uda aurretik, Lekanazpik antolatuta, eta larunbat honetan RudeSka eta Jonh Dealer & The Coconuts taldeek joko dute Gure Esku Dagok sustatuta. Horrelako ekimenak ondo ikusten ditu Gilek, «musikari eta kulturari orokorrean jarri zaizkion trabak gauza gutxiri jarri zaizkie, eta zuzenean jotzeko zailtasunak ikusita, oso ondo dago horretarako aukerak ematea».
Horiek dira momentuz herrian musika zuzenean entzuteko aukera bakarrak, Karibe Zaharrean ostiralero eta Gaztetxean noizean behin egiten ziren kontzertuak bertan behera geratuta daudelako. «Legazpin eskaintza handia dago alde horretatik», dio Gilek, eta emanaldi horiek faltan sumatzen dituela azaldu du, berari eta herriko beste musikariei zuzenean jotzeko aukera ere ematen dietelako.