Bisita gidatua eta pintxo dastaketa egingo dituzte igandean Urretxun
Ondarearen Europako Jardunaldien eta Iparragirre 2020ren barruan antolatu dituzte. Edaria eskatzen dutenei pintxoa doan emango diete Aldapa, Ezkurra, Goiko Kale eta Navarron
Urretxuko Udalak bi ekitaldi antolatu ditu iganderako, Iparragirre 2020ren eta Ondarearen Europako Jardunaldien barne. Eguerdian bisita gidatua egingo da eta ondoren pintxo dastaketa.
12:00etan bertakoek eta kanpotarrak alde zaharra ezagutzeko aukera edukiko dute. Bisita gidatuan Iparragirreren bizitzarekin lotura duten guneak ikusiko dituzte. Parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute eta 3 euro ordaindu. Izena emateko 943 03 80 88 telefono zenbakira deitu behar da.
Bestalde, igande honetan eta hilaren 25ean, eguerdian, Alde Zaharreko Igande Gastrokulturalak izeneko ekitaldia egingo dute. Urretxuko alde zaharrera gerturatzen direnek bertako lau tabernetan Iparragirre pintxoa dastatzeko aukera izango dute. Pintxoa doan emango diete, edaria eskatzen duten guztiei. Gainera, lau tabernetan Iparragirreren abestiak jarriko dituzte eta argazki zaharrak ikusgai egongo dira. Alde zaharreko lau tabernak Aldapa, Ezkurra, Goiko Kale eta Navarro dira.
Hilaren 25ean beste bi ekitaldi egongo dira, horiek ere Iparragirre 2020 eta Ondarearen Europako Jardunaldien barne. Hasteko, nahi duten guztiek nahi duten orduan Urretxuko alde zaharra bisitatzeko aukera edukiko dute, QR kodeak dituzten plaken laguntzarekin.
Urretxuko Udalaren webgunean herriko planoa deskargatu ahal izango dute eta ondoren herrian zehar sakabanatuta dauden QR kodeak bilatu beharko dituzte. Kode hauek Iparragirreren bizitzari buruzko informazioa emango diete.
Egun berean, 19:00etan, Iparragirre 200 urte lana antzeztuko dute Labeaga aretoan. Dantzaren, ikus-entzunezkoen eta bere abestien bidez, Iparragirreren nortasunaren eta ibilbidearen berri emango dute. Epikarik gabe egingo dute, Iparragirre gizaseme bezala ikusita.
Ikuskizun honetan belaunaldi eta estilo ezberdinetako artistek Iparragirreren lana errebisatuko dute: Mursego, Amaren Alabak, Joseba Irazoki, Beñat Axiari, Josetxo Silguero… Sarrera doan da, baina 943 03 80 8 telefono zenbakira deitu behar da izena emateko.