EAJ-k 16,3 milioiko aurrekontua proposatu du
Aurtengoa baino ia %3 txikiagoa izango da, COVID-19aren eraginez diru sarrerak txikiagoak izan direlako
Udal gobernu taldeak 16.351.000 euroko aurrekontu proposamena landu du 2021. urterako. Aurtengoa baino ia %3 txikiagoa izango da, COVID-19aren eraginez diru sarrerak txikiagoak izan direlako. Hain justu, aurrekontuen helburuak «pandemiaren eraginez moteldu egin diren sektoreak berraktibatzea eta behar gehien dutenei erantzutea» dira.
Aurrekontu proposamenak bost ardatz ditu: «Gobernu onaren kudeaketa eredua; jarduera ekonomikoa eta tokiko enplegua; herritarren ongizatea eta bizi kalitatea bermatzea; herri nortasuna; eta jasangarritasuna», azaldu du udal gobernuak.
«Herritarren etorkizuna hobetuko duten proiektuei heldu nahi die udal gobernuak», diote. Horretarako, enplegua suspertzeko neurriak hartuko dituztela iragarri dute, formakuntza ikastaroak bultzatuz eta ikasleen kontratazioa bultzatuz. Era berean, gizarte ongizateko hainbat zerbitzuetara bideratutako diru kopurua hazi egingo da: etxez etxeko laguntzak, helduen konpainia zerbitzua, eguneko zentroa…
Lehentasuna «dagoena hobetzea eta konpontzea» da, berria egin beharrean. Mantenu lanetara bideratuko dituzte baliabideak: Oriamendi kalea konpondu nahi dute eta Nafarroa etorbidearekin igogailu bidez lotu, Urbi-etxe egokitu Aranealde elkartearen egoitza bertara eramateko, Dolarea parkea birgaituko dute…
Euskara eta parekidetasuna sustatuko dituen aurrekontuak direla esan dute. Herriko eragileei eta elkarteei bultzada ere eman nahi diete, bereziki, kultura eta kirola arloetan. Aurrekontua urriaren 29ko osoko bilkuran onartuko dela aurreikusten da, EAJren gehiengo osoarekin. Udal gobernuaren asmoa 2021. urtea asterako aurrekontuak onartuak izatea da. «Kontrol zuhurrari esker», gogoratu dute udalak 11 milioi euroko aurrezkia duela eta, behar izanez gero, krediturik eskatu gabe zorpetzeko aukera duela.