Mendi tontorren ordez, plazetan
Eguraldiaren iragarpena dela eta, Sarek atzeratu egin du mendi tontorretara igotzeko deialdia. Horren ordez, herriko plazetan argazkiak ateratzeko deia egin du
Sarek deituta, Izan Bidea egitasmoa egitekoak ziren larunbatean; Euskal Herriko 600dik gora tontorretara igotzeko deia egina zuten, baina asteburuko eguraldiaren iragarpena txarra dela ikusita, ekimena atzeratzea erabaki dute. Horren ordez, herrietako plazetan elkartu eta argazki jendetsuak ateratzeko deia egin dute. Datorren urteko maiatzaren 8an egingo dute tontorretara igoera.
Sarek “sortutako ilusioa, egindako lan izugarria eta animatu den herritar kopurua” haintzat hartuta erabaki du data berri bat jartzea. “Mendien igoera atzeratu behar izan dugun arren, dei egin nahi dizuegu parte hartzeko asmoa zenuten guztiei, larunbatean herriko plazetan elkartzera eta lagunartean, familian edo herriko kideekin argazkiak atera eta sarean zabaltzera”. Horretarako, #650tontor eta #IzanBidea traolak erabiliko dituzte. Horrez gain, 688 628 366 telefono zenbakian ere jasoko dituzte argazkiak.
Manifestazioa Donostian
Sarek martxan jarritako Izan Bidea dinamikak, “euskal preso eta iheslarien egoerari irtenbidea emateko urratsak eman eta kilometroak egitea” du helburu, “herri honen elkarbizitzaren eta bakearen aldeko ibiltarien sare erraldoia” osatzearekin batera. Guztira, 3.127.326 kilometro osatu nahi dituzte, Euskal Herriak duen biztanle kopurua.
Asteburu honetarako antolatutako ekimenaz gain, urriaren 24rako manifestazioa deitua dute. Donostian izango da, eta bertara joateko deia ere luzatu diete herritarrei.