Dorreak eraiki, potentzia igota
Gueñes-Itsaso goi tentsioko linearako lanetan ari dira Itsasoko argindar zentralean. Bi dorre eraikiko dituzte, 400.000 voltekoak. Denera,132 dorre jarri nahi ditu REEk Euskal Herrian .
Obretan ari dira Itsasoko argindar zentralean. Gueñes-Itsaso goi tentsioko linearen harira, 400.000 volteko bi poste eraikiko ditu zentralean Red Electrica de Españak, 70-80 metro ingurukoak. 72.427 metro izango ditu lineak, eta, batez ere, 24 udalerriri eragingo die. Itsasoko Udalak “kezka” agertu du zentraleko potentzia handitzearen inguruan.
Red Electrica de Españak 2009ko martxoan jarri zuen martxan Gueñestik (Bizkaia) Itsasora doan goi tentsioko linea eraikitzeko proiektua; 400.000 volteko zirkuitu bikoitzeko goi tentsioko linea, alegia. Bi urte beranduago, 2011n, informazioa eta alegazioak jasotzeko prozesuari ekin zion, eta, 2012an, ingurumenean izan zezakeen eraginaren inguruko txostena onartu zuten.
2017ra arte, dena den, ez ziren eraikitzeko lanetan hasi. Exekuzio proiektua aurkeztu, eta Espainiako Gobernuak goi tentsioko linea eraikitzeko baimena eman zion urte horretan. Red Electrica de Españak azaldu zuen orduan “izaera estrategikoa” izango zuela proiektuak, Galiziaren eta Euskal Herriaren artean dagoen 400.000 volteko linearekin lotuko dutelako, Iparraldeko ardatza deritzonarekin. Espainiako Gobernuak, bestalde, egitasmoa “ezinbestekotzat” jo zuen, eta “erabilera publikoko lana” izango dela adierazi zuen.
Aurkakotasuna inguruan
Proiektuak hartutako lurren inguruko herrietan mobilizazioak egin zituzten goi tentsioko linearen kontra hainbat herritar eta eragilek. Gueñes-Itsaso Autopista Elektrikoaren Kontrako Koordinakundea sortu zuten proiektuaren helburuak salatu eta aldarrikapenak egiteko. “Helburu horrekin, proiektuak osasunean eta ingurumenean izan ditzakeen eraginen berri ematea izan zen gure lehen pausoa, eta proiektuaren tramitazioaren zenbait fasetan alegazioak aurkeztea”. Hitz horiekin azaldu zituen bere asmoak koordinakundeak, ohar batean. Espainiako Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko Ministerioak adierazi zuen energia berriztagarri gehiago erabiliko dela proiektua dela eta, baina, koordinakundearen arabera, estatuko energiarik ia ez da erabiltzen oraingoz: “Euskal Herrian kontsumitzen dugun energiaren %92 kanpotik dator, eta, beraz, beharrezkoa dela argudiatzen duten interkonektibitate hori eraikita dago; egia esan, Frantziako zentral nuklearren energia kontsumitzen ari gara, estatuko energia eolikoaren eta eguzki energiaren produkzioaren kalterako”.
Gueñes, Alonsotegi, Okondo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Ugao, Zeberio, Usansolo, Bedia, Igorre, Lemoa, Zornotza, Iurreta, Garai, Berriz, Mallabia, Zaldibar, Elgeta, Bergara, Antzuola, Legazpi, Zumarraga, Gabiria eta Itsaso udalerriak zeharkatuko ditu goi tentsioko lineak. Guztira, 70-80 metro luzeko 132 dorre jarriko dituzte, 400.000 volteko potentzia izango dutenak.
Eredu berri baten beharra
Koordinakundeak “beste eredu energetiko baten aldeko aldarria” egiten du, oharrean jaso zuenez: “Deszentralizatua, bertan ekoiztua, jasangarria, demokratizatua den eta garraiorako horrelako azpiegitura erraldoirik behar ez duen ereduaren alde egiten dugu”.
Nahiz eta hainbat udalerrik alegazioak egin dituzten proiektua bertan behera uzteko asmoz, Red Electrica de Españak “baimen guztiak” dituela adierazia du, eta lanak martxan dira hainbat tokitan. Lurrak ere desjabetu dituzte zenbait tokitan, obrak egin ahal izateko. Gueñes-Itsaso linearen aurkako koordinakundeak Red Electrica de Españaren arduragabekeria eta interes pribatuen aldeko apustua salatu zuen: “Klima aldaketaren aurkako politikak kontsumo energetikoaren murrizketan eta efizientzian oinarritzen dira; aldiz, Espainiako Estatuak energiaren salerosketan aurkitu du negozioa, eta, horretarako, lurraldea linea elektrikoz josi behar digu”. Halaber, gaineratu zuten goi tentsioko linea ezartzeko helburua ez dela “herrialdeko edo tokiko elektrizitate beharrizanak betetzea edo hornidura hobetzea, Iparraldeko Elektron Autobidea delakoaren zati bat osatzea baizik”.
Galiziatik Nafarroaraino joango da autobide elektrikoa deiturikoa. Koordinakundearen arabera, helburua energia esportatzea izango da: “Frantziara, Alemaniara… Horrenbestez, ez da erabilera publikoko egitasmo bat, interes orokorraren kontrakoa baizik; elektrizitate enpresa pribatu handien onurarako baino ez da izango”. Hainbat udalek ere proiektuaren aurka egin dute, baina zaila dute proiektua baldintzatzea, Red Electrica Españolak baimen guztiak lortu eta obrei ekin baitie. Iraitz Lazkano Elgetako alkateak dio bere herrian dorreak eraiki dituztela dagoeneko, eta herriaren ezinegona adierazi du: “Beharrizanik ez duen makroobra bat da”. Elgetan bost goi tentsioko linea izango dira, eta horietako bi 400.000 voltekoak izango dira. “Erabilera energetikoa birpentsatu egin behar da, sekulako kaltea eragiten baitu horrelako proiektuak egiteak”, esan du Lazkanok,
Elgetako dorreak eraikita, Itsason ekin diete hurrengo lanei. Argindar zentralean bertan, perimetro barruan, bi poste jarriko dituzte aurten. Horiek ere 400.000 voltekoak izango dira. Gueñes-Itsaso goi tentsioko linearako beharrezkotzat jo ditu, ordea, Red Electrica Españolak.
Itsasoko Udalak azaldutakoaren arabera, inongo informaziorik ez die eman Red Electrica Españolak. Gorka Sasieta Itsasoko udal batzordeko buruak adierazi du kezkatuta eta etsita daudela: “Kezkatuta gaude, potentzia handitu egin delako zentralean, eta horrek osasunean eragin handia izan dezakeelako; eta inpotentziaz gaude, bestalde, horrelako azpiegituren inguruko erabaki ahalmena gugandik oso urrun geratzen delako”.
Beraz, goi tentsioko lineak hainbat udalerriri eragiten badie ere, zail daukate proiektua bertan behera uztea, Espainiako Gobernuak onartutako proiektua martxan baitago dagoeneko. Aipatutako herrietan, beraz, dorreak eraiki eta argindar energia handituko dute 400.000 volteko potentzia jarrita.
Batzuk, geldirik
Beste hainbat herritan, halere, obrak etetea lortu dute. Arrankudiaga-Zolloko (Bizkaia) Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, lanak bertan behera uztea lortu zuen joan den urtarrilean. Izan ere, aldundiak ez zion obrak egiteko baimenik eman Red Electrica Españolari, hegaztiak babesteko legea ez zutelako betetzen. Sai zuriak daude inguruan, eta, Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, hasierako proiektuak ez zituen kontuan hartzen hegaztiek habiak egiten dituzten eremuak. Hortaz, Ingurumen eta Jasangarritasun Departamentuak erabaki du sai zuriaren habitata eta proiektuaren ibilbidea “bateraezinak” direla.
Red Electrica Españolak, halere, adierazi du ez duela aldundiaren baimenik behar, proiektua “erabilera publikokoa” delako. Aldundiaren baimena eskuratzen ez badute ere lanean jarraituko dutela adierazi du erakundeak.