Errugbia bueltan da Gernikaren aurkako lagun artekoarekin, bihar
Martxoan liga amaitu zenetik Ampo Ordiziak jokatuko duen lehen aurrez aurrekoa izango da biharkoa. Ligaren hasiera gaur zehaztea espero du Ordiziako klubak
Iragan asteburuan zen errugbi denboraldia hastekoa, baina data hori atzeratzen joan dira. Guztiz ofiziala ez bada ere urriaren 23an hastea aurreikusten dute. Liga hasi bitartean, Ordizia Rugby Elkarteko taldeak lanean hasiak dira, eta asteburuan, Gernikaren aurkako lagunartekoa jokatuko dute Ohorezko mailako mutilek. Taldearen entrenatzaileak, Iñigo Marotiasek, taldea nola dagoen kontatu du.
Aurtengoa «oso arraroa» izaten ari dela esan du Marotiasek. Egoera normalean, abuztuan hasi ohi dute aurre denboraldia. Aurten, liga martxoan bukatu eta «baimena lortu» zutenean hasi ziren entrenatzen, «ekainean». COVID-19ak eragin duen egoerara moldatuz, «hasiera batean banaka izan ziren entrenamenduak, ondoren talde murriztuetan txandaka», eta horrek eskatu duen esfortzu gehigarriarekin ere, «oso pozik» dago «lanera itzultzeagatik».
Prozesua «astuna» izan dela nabarmendu du. Eragina izan du horretan «liga noiz hasiko den ez jakiteak eta lagun artekorik jokatzerik izango ote» zuten ere zalantza izatea. Marotiasek esan duenez, «jokatzeko entrenatzen dugu».
Baina txapelketa barruan ez bada ere, zelaian indarrak neurtzeko egunaren aurrean daude, eta horregatik «ilusioz» daude, «emaitzak baino harago, jokalariak sentitzeko eguna izango dela azpimarratu du.
Altamiran jokatuko dute bihar, larunbata, 17:00etan.
Gaur erabaki dute
Liga ofizialki noiz hasten den gaur erabakitzekoak dira, beraz, laster jakingo dute txapelketaren egutegia eta jarraitu beharreko protokoloa zeintzuk diren.
«Independienteki, Ordizia Rug-by Elkartea bere lanak egiten ari da, liga berria hasten denerako, segurtasun neurri guztiak bete» daitezen, zentzu guztietan.
Zaletuei dagokienez ere, taldea lanean ari da gai hori zehazteko, baina aurreratu du, Altamiran publikoa egon, egon ahalko dela.
Batzuk joan, berriak etorri
Duela gutxi jakinarazi zuen klubak, Fernando Lopezek ez duela Ampo Ordiziarekin jokatzen jarraituko. Gai horri lotuta «pertsonalki, oso harro eta pozik nago» klubak egoera honetan egin duen kudeaketagatik: «Klubak erabaki du pertsonak aurretik jartzea, erabakia izan zen iazko denboraldi bukaeran kontratua edo lotura ekonomikoa zuten pertsona guztiekin bukaeraraino mantentzea, nahiz eta liga bertan behera gelditu, eta posible izan den neurrian laguntza luzatu die behar izan duten klubeko pertsona guztiei, haiek zaintzeko». Zuzendaritzak, «orain arte egindako lanari balorea eman dio».
Lopezen irteerak «guztioi min handia egin digu, urte asko elkarrekin lan egin dugulako eta pertsona bat joaten denean eta ez pertsona horrek, ez klubak, ez dutenean desio joatea, harremana eten egin behar izatea, mingarria da. Fernandok bere bidea hartu behar izan du eta onena opa diogu».
Caylib Oosthuize lehen lerro hegoafrikarra Super Rugbytik zuzenean dator taldeari sendotasuna emateko. Oosthuizek ibilbide oparoa izan du hego hemisferioko ligan eta aurten Ordizian jokatuko du. Izen handiko liga horretan jokatzeaz gain, Hego Afrikako 20 urtez azpiko taldearekin munduko txapelketa bat ere jokatu du.