Gaztaren 5. biltzarra egingo dute Ordiziako Herri Antzokian
Biltzarraren helburu nagusia da topaketa bat antolatzea, mendiko gaztaren inguruan diharduten eragile guztiak bil daitezen
Bosgarren urtez jarraian, Ordiziako Idiazabal gaztaren Kofradiak Ordizia Gaztaren Biltzarra antolatu du. Gaur egingo dute, 09:00etan, Herri Antzokian, eta egungo egoerara egokituz, egun osoko jardunaldia egin beharrean, egun erdikoa izango dela jakinarazi dute, kongresuak jorratuko dituen gaiak hirutik bira murriztu dituzte eta segurtasun neurri guztiak hartuko dira. Kongresuak EHUko Uda Ikastaroen parte izaten jarraitzen du, artzaintzaren inguruan dagoen jarduna ezagutarazteko.
Biltzarraren helburu nagusia da, mendiko gaztari dagokionez, topaketa bat antolatzea gazta horren inguruan diharduten eragile guztiak bil daitezen, altxor gastronomiko horri behar bezalako balioa emateko. «Asmoa da neguko gazta bikainen aldean duen berezitasuna nabarmentzea». Horrela, «artzainei lagundu egiten zaie gure mendietan eta mendilerroetan egiten duten lana errentagarri egiten». Artzainek, «jarduera ekonomiko bat garatzeaz gain, beren artaldeekin gure mendietako eta mendilerroetako paisaiak modelatzen dituzte eta pasaia horiek atsegin ditugu guztiok eta harro sentitzen gara gure herrialdeetan daudelako».
Asmoa da, era berean, «artzainek gure lurraldean eta beste lurraldeetan egiten duten lana ezagutzea eta aitortzea, mesede handia egiten baitute gero eta mehatxatuagoa dagoen biodibertsitatea zaintzen».
Bailaretako gaztandegietan eginiko gaztei dagokienez, asmoa da «aukera berriak irekitzea artzainen irudimenean; azken baten, ardura handiagoa izan dezatela, beren jardueraren errentagarritasuna hobetzeko».
Egitaraua
Transhumantzia Aragoiko Pirinioetan, iragana, oraina eta etorkizuna izango da jorratuko duten lehen gaia. Ondoren, merkaturatzea izango dute hizpide. Eta bukatzeko, mahai ingurua egingo dute. Bertan azalpen osagarria behar duten gaiak landuko dituzte.