Hogei kultur ekintza baino gehiago egongo dira urte amaierara arte Beasainen
Beasaingo Udazken Kulturalik ez da egongo aurten. Udalak herriko elkarteei plaza eskaintzeko egitaraua antolatu du. Musika, erakusketak, antzerkia, hitzaldiak... izango dira
Beasaingo udalak hogei kultur ekintza baino gehiago iragarri ditu urte amaierara arte: musika emanaldiak, antzerkia, erakusketak, hitzaldiak… «Aurten ez da Udazken Kulturalik egongo, ez behintzat izenburu horrekin. Baina udalak herriko bizitza eta herriko elkarteekin batera egitasmoak aurrera ateratzen jarraitzen du, beraien lana balioan jartzeko», azaldu du Xabier Matarranz kultura zinegotziak. Osatutako egitaraua pandemiaren erruz atzeratuta gelditu diren eta udazkenerako prest zituzten emanaldien arteko nahasketaren emaitza dela esan du.
Zinegotziak aipatu du Beasaingo elkarteak eta sortzaileak euren lanak erakusteko gogotsu daudela. Eskerrak eman dizkie eskaini dizkieten erraztasunengatik. Orain ikusleen txanda dela gaineratu du, eta ekintzetan parte hartzera animatu ditu. Kutsatzeko arriskurik egon ez dadin, edukiera mugatuko ekintzak izango dira. Hau da, ekintza guztiak Usurben edo Igartzan izango dira eta sarrerak hartu beharko dira aldez aurretik, beti ere, doan. Urriko ekintzetarako sarrerak gaurtik aurrera har daitezke Usurbeko leihatilan, eta azarokoentzat urriaren 16tik aurrera. Abenduari dagokionez, gerturatu ahala, informazio gehiago emango dutela iragarri dute.
Elortzaren ‘kartoiak’
Matarranzek eta Amaia Gomez de Segura kultur teknikariak nabarmendu dute maila handiko emanaldiak direla. Garazi Zabaleta musikariaren adibidea jarri dute: «Arah proiektuarekin dabil, bere lehenengo proiektuarekin. Proiektu potentea da, disziplina bat baino gehiago uztartzen baititu. Beasaindar bat halako proiektu batean murgiltzea azpimarragarria da», nabarmendu du zinegotziak.
Lourdes Elorza margolari donostiarraren Kartoiak erakusketa Aterpe tabernan ikusgai dago, urriaren 30a arte. «Une batek, keinu batek, harrapatu egiten nau eta adierazteko beharra sentitzen dut», dio. «Edozein euskarrik balio dit: egurra, kartoia, papera… esperimentatzea gustatzen zait. Batzuetan zuzenean marrazten hasten naiz, eta besteetan margotzen. Barruak eskatzen didana. Etengabeko elkarrizketa da».
Kultur egitaraua:
URRIA
· 2tik 18ra. Beasaingo hezkuntza-ren hastapenak eta bilakaeraerakusketa, Igartzako jauregian.
· 11. Aire zabaleko pintura lehiaketa. Lanak Igartzan egongodira ikusgai, 25era arte.
· 17. Aurtzaka dantza taldearenikuskizuna, Usurbe antzokian.
· 18. Dantzaki dantza eskolarenemanaldia, Usurbe antzokian.
· 29. Argizpi elkartearen erakusketa eta Beasain Hiria lehiaketako sari banakera, Igartzan.
· 30. Txistulari alardea, Usurbe antzokian.AZAROA
· 1. Botadun katua antzerkia, Usurbe antzokian.
· 6, 13, 20 eta 27. Azaroa Zientziaroa zikloko hitzaldiak, Lemniskata elkartearen eskutik, Igartzan.
· 6. Udazkeneko bertso saioa, Usurbe antzokian.
· 10. Beasaingo paperak.
· 12. Nature Change erakusketa, Igartzako jauregian
· 13. Igel euria antzerkia, Usurbe antzokian.
· 14. Izaroren kontzertua, Usurbe antzokian.
· 19. Asmube elkartearen eskutik margo erakusketa, Igartzan.
· 21. Igartza Musika Bekako irabazleen kontzertua eta entzunaldiak.
· 22. Loinaz Abesbatzaren kontzertua, Usurbe antzokian.
· 28. Garazi Zabaletaren emanaldia, Usurbe antzokian.ABENDUA
· 5. Simplicissimus antzerkia, Usurbe aretoan.
· 27. Loinatz abesbatzaren Eguberri kontzertua, Ande Mari Zerutiarraren parrokian.