«Neska gazte subjektua» Goierri osoan josi dute, haien arazoak azaleratzeko
Goierriko Neska Gazteak taldea sortu eta aurkeztu dute Lazkaon. Herri txikietako «borrokak» eskualdeko sarean josi dituzte, nazio mailan elkartzeaz gainera. Esparru propioa izan nahi dute
Duela bi urte feminismoaren aldarrikapenean mugarria ezarri zuen toki berean, Lazkaoko plazan, aurkeztu zuten ostiral iluntzean Goierriko Neska Gazteak taldea. Manifestazio jendetsuak gorpuztu zuen orduan korronte morea, emakumeek jasaten duten zapalkuntzaren aurkako borroka beste dimentsio batera goratu zuena. Orain, emakume gazteen «problematika» azaldu eta «neska gazte subjektua» ezaugarritu nahi dute.
Eskualde guztiko 25 bat lagun elkartu ziren Lazkaon. Sorrera-bilera egin zuten lehenbizi, eta agerraldia prentsaren aurrean plazan ondoren. «Hemen, gaur, hainbat herritako neska gazteak elkartu gara: Lazkao, Ataun, Legorreta, Itsasondo, Ordizia, Beasain, Zumarraga, Urretxu, Legazpi, Idiazabal, Gabiria, Ezkio… Goierri herri txikiz osatutako eskualdea izanik, herri bakoitzean garatzen ari diren borrokez gain, beharrezko ikusi dugu herrien arteko sarea jostea: ideiak elkarbanatzeko, borrokak bateratzeko eta, batez ere, elkarrekin ahalduntzeko», azaldu du taldeak.
Goierri mailako antolamenduaz gain, Euskal Herriko Neska Gazteen Sarera batzea ere erabaki dute goierritarrek. 2016az geroztik ari da lanean mugimendu hori. Udaleku feministak, Aingura osasun gida taldea, Lema eztabaida gida, eta Lizarran 2019ko neska gazte topaketak bultzatu edo abiarazi ditu Euskal Herriko erakundeak.
Esparru propioa sortzera
Emakumeen aurka erabiltzen diren mekanismoak salatu dituzte, eta horiek gaindituz, neska gazteek euren esparru propioa behar eta nahi dutela gaineratu dute: «Zapaltzen gaituen sistema heteropatriarkal kapitalista honetan, zatituak eta sakabanatuak nahi gaituzte. Horregatik dakigu zein garrantzitsua den gure esparru propioak sortzea, sareak ehuntzea, elkarrekin konspiratzea edo autodefentsa feministaz blaitzea eta hausnartzea».
Goierriko taldea aurkeztu egin dute bakarrik oraingoz, eta aurrerantzean, etorkizun hurbilerako ekimen zehatzik ez dutela pentsatu aurreratu zuten ostiralean.
Bien bitartean, COVID-19ak eragin duen errealitateari ere erreparatu diote. «COVID-19ak eragindako krisia ere aipatzekoa da, noski, hainbat aldaketa ekarri baititu eta ekarriko baititu. Esaterako, argi geratu da zaintza lanean, prekarizazioa eta inbisibilizazioa beste behin emakumeen gain erortzen den zama dela. Zer esanik ez espazio publikoaz, hezkuntzaz edo enpleguaz».
Ildo horretatik, «normaltasun berria desnormalizatzera» datozela aurreratu dute. «Inposatu nahi dizkiguten zapalkuntzak salatuko ditugu, eta eskubideen aldeko borroka egingo dugu».