«Elikadura osasungarria, burujabea eta kontzientea bultzatu behar da»
Sare sozialetan iragarri bezain pronto, leku guztiak bete dira Isa Diazek emango duen ikastaroan. Elikadura naturalean eta energetikoan interes handia dute legazpiarrek.
Nolakoa izango da ikastaroa?
Teoria eta praktika uztartuz, elikadura osasungarri, burujabe eta kontzienteari buruzko ikastaroa da, elikadura mota hori bultzatzeko. Urriaren 18an hasi eta ekainera arte, bederatzi tailer emango ditut, hilero bat. Legazpin bertan emango ditut, Patrizio Etxeberria kaleko lokal batean. Han ez dago sukalderik, eta logistika handia eskatzen du dena prestatzeak, nik eraman behar ditudalako traste guztiak, baita sukaldetxoa ere. Baina ohituta nago. Tolosan, Deban, Urretxun… toki askotan eman ditut ikastaroak.
Nolakoak dira ikasleak?
Hau oinarrizko ikastaroa da, eta ikasleak ohiko elikadurarekin kokoteraino dagoen jendea izaten dira. Jateko modua aldatu nahi dute, beganoarekin hasi adibidez, baina nola ez dakite, eta horregatik beti berdina jaten dute, arroz integrala, seitana edo porrua, adibidez.
Teoria eta praktika uztartzen dituzula esan duzu. Nola?
Tailer bakoitzean gai bat landuko dut. Urrikoan, zopak eta kremak egingo ditut, eta digestio sistema landuko dut. Azaroan, zereal integralak eta glutena aztertuko ditut. Abenduan, lekaleak eta giltzurruna lotuko ditut. Urtarrilean barazkiak izango dira, gorputzaren desintoxikazioarekin lotuta. Mineral iturri handiak diren algak ere erabiliko ditut, eta gosariei ere eskainiko diet tailer bat, baita kefirra edo kombucha bezalako hartzigarriei ere, sistema inmunologikoa lantzeko.
Elikagai multzoak eta gorputzeko organoak lotzen dituzu.
Bai. Nik erakusten dudanak makrobiotikan du oinarria, eta sukaldaritza makrobiotikoa Txinako medikuntzan dago oinarrituta. Horren arabera, urtaro ba- koitzak energia mota bat du, eta gorputzeko organo batzuk besteak baino aktiboago egoten dira. Bestalde, organo bakoitzari lotuta dago zapore bat, emozio bat, kolore bat… Kontua da urtaro bakoitzaren energiaren arabera elikatu behar garela.
Horiek kontzeptu abstraktoak dira, baina nik adibide bat jartzen dut. Gaueko energia erlaxazio edo lasaitasun energia bat da, eta kafea hartzen badugu, urduri jarriko gara eta energiaren aurka joango gara. Baina infusio bat hartzen badugu edo musika erlaxagarria entzun, gaueko energiari lagundu egingo diogu.
Urtaroekin berdin gertatzen da, eta jaten dugunaren arabera, urtaro horren energiaren alde edo aurka joango gara, eta horrek eragina du gorputzean.
Hori teoria da. Eta praktika?
Tailer bakoitzean hiru plater prestatuko ditut. Urrian, adibidez, miso zopa, txanpiñoi krema eta porru eta hur krema egingo ditut. Beganoak dira guztiak, produktu ekologikoekin egindakoak, baina oso zaporetsuak eta gozoak, eta osasungarriak.
Osasuntsu izateko bidea al da elikadura?
Tresna oso boteretsua da, meditazioa, reikia edo kirola bezala.
Eta ondo elikatzen al gara?
Orokorrean ez. Elikagaiak prozesatzen hasi aurretik, dena naturala zen. Lehen ez zen orain bezala gertatzen, zer jan ere ez dakigula; lehen lurrak garaian garaian ematen zuena jaten zuten. Gakoa elikagai naturaletan eta garaian garaikoetan dago.
Zu nola murgildu zinen elikadura naturalaren munduan?
Gazte-gaztetatik sentitu dut nire jateko era ez zela ona, eta elikadura beganoa eta makrobiotikoa beti interesatu zaizkit. Garapen pertsonalari eta espiritualari buruzko ikastaro bat egin eta gero hasi nintzen elikadura mota horrekin, makrobiotikarekin. Asko ikasi nuen gai horri buruz, eta jateko era hori oso zorrotz eraman nuen garai batean.
Ikasitakoa erakusten hasi zinen gero.
Bai. Lantalde bat osatu genuen, eta ikastaroetan nik teoria ematen nuen hasieran, baina gero sukaldatzen erakusten ere hasi nintzen. Sukaldean banuen esperientzia aurretik, Gizarte Zentroko taberna eraman nuelako.
Nolakoa da erakusten duzun sukaldaritza?
Askok uste dute elikadura mota hau monotonoa eta zaporerik gabea dela, baina ez da egia. Aukera handia dago, eta prestaketan mimo pixka bat jarrita, gozagarriak erabiltzen badituzu… Oso plater gozoak ateratzen dira.
Non dastatu daiteke zuk egiten duzuna?
Lehen jatetxe pare baterako egin dut lan, baina orain, enkarguz prestatzen ditut menuak bezero partikularrentzako.