«Argi dagoena da Beasainen saskibaloiak baduela indarra»
BKL-k zein helburu du hasi berri den denboraldi honetan? Goiko postuetan borrokan ibiltzeko talderik ba al dago?
BKLren helburua ez da irabaztea. Tira, lehiatzen garen unetik irabaztera irteten gara, baina beste gauza batzuk daude aurretik. Argi dugu oinarrizkoena gozatzea eta ikastea dela. BKLren helburuetako bat jokalariak heztea da, eta ez soilik ikuspuntu tekniko batetik. Irabazten badugu ederki, baina galdu arren, bidean ikasi egin badugu, helburuak beteko ditugu.
Zenbat talde dituzue aurten? Eta zenbat jokalari?
Hemezortzi talde ditugu, alebinetatik hasi eta senior mailara arte. Ziur zenbat fitxa ditugun ez dakit, baina 180 bat esango nuke, talde bakoitzean hamar.
Kopuruarekin pozik?
Iaz 21 talde genituen, gure topea. Aurten jaitsi egin gara, baina ez gaitu larritzen. Hemezortzi talde asko dira, eta ia ez dugu horrenbeste baliabide: entrenatzaileak behar dira, denona da kiroldegia… Argi dagoena da Beasainen saskibaloiak baduela indarra, eta gazteak etortzen dira.
COVID-19agatik utzi du inork?
Ez nuke halakorik esango. Gainera, utzi duenari ere ez diogu galdetzen zergatik egin duen, ez badu jokatu nahi, bere erabakia delako. Egia da askok junior mailan utzi egiten dutela, urtero. Batxilergoa, selektibitatea, unibertsitatea… askok ikasketak lehenesten dituzte. Ongi egina, saskibaloitik ez garelako biziko, baina bateragarriak dira.
Jokalariak gogotsu daude?
Desiatzen gaude. Abuztu amaieran hasi genuen denboraldi-aurrea, eta luze egiten da. Gainera, ligak lehenago hasiko zirela uste genuen, baina bi aste atzeratu egin behar izan ziren.