BKL itzuli da lehiaketetara eta Antzizarren jokatu dituzte lehen partidak
Zazpi hilabete egin dituzte jokatu gabe. Hemezortzi talde eta ia 200 fitxa dituzte. Protokoloa prestatu dute jarduna segurua izan dadin
Antzizar kiroldegian partida ofizialak jokatu dira zazpi hilabeteren ostean. Aurreko asteburuan BKLko bost taldek euren ligak hasi zituzten, tartean Arri BKL emakumezkoen lehen taldeak. Datorren asteburuan hasiko dira gizonezkoen talde nagusiak, Arri BKL eta Arri BKL Biurin. Partaide mailako kadeteak urriko azkeneko asteburuan itzuliko dira kantxetara, eta infantilak, ondo bidean, urtarrilean. Saskibaloi eskola, berriz, ez da egongo, ez behintzat 2020. urtean.
Martxan hasi aurretik jokalari eta entrenatzaileei ea jokatzeko prest zeuden galdetu zieten eta baiezkoa izan zen nagusi. Horretarako, federazioak prestatutako segurtasun protokoloa Beasaingo beharretara egokitu behar izan zuten eta udalaren oniritzia jaso: talde itxiak egin dituzte taldekideak ez daitezen nahastu eta identifikazioa errazteko; entrenamenduen eta partiden aurretik tenperatura hartzen diete kide guztiei; jokatzen edo entrenatzen ari direnek besterik ezin dute kendu maskara. Aulkitxoan eta harmailetan derrigorrezkoa da; kiroldegia hiru eremutan banatu dute erabiltzaileak, jokalariak eta ikusleak nahastu ez daitezen eta erabilitako guztia desinfektatu egiten dute partidatik partidara. Zuzendaritzatik udalaren prestutasuna eskertu dute emandako erraztasunengatik.
Ia 200 fitxa izango dituzte aurten, 18 taldetan banatuta. Pasa den denboraldian baino fitxa eta talde gutxiago izan arren, arduradunak gustura daude.
Ligaxkak, bere horretan
Txapelketetako formatuak ez dira aldatu. Esaterako, gizonezkoen talde nagusiak Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia mailan jokatzen du eta beste probintzietara ohiko legez bidaiatuko dute. Lurraldeko mailetan ere ez dira ligaxkak sortu. Kanpora bidaiatzen dutenean autoetan joango dira beasaindarrak.
Igoerak eta jaitsierak egongo diren ikusteko dago, erabakia urtarrilean hartuko baitute. Pasa den denboraldian ez zen halakorik egon, partida guztiak ez zirenez jokatu denboraldiari ez zioten baliorik eman. Aurtengoan hamabost egunetik behin jokatuko dute gazte mailetan. Atzeratutako partidak berreskuratzek erraztasunak izateko.
BKL Murumendik besterik ez du jokatuko etxean
Antzizarren partida bakarra izango da asteburu honetan, BKL Murumendirena. Kadeteek bihar, 12:30ean, Easo hartuko dute. Arri BKLk, emakumezkoen lehen taldeak, Arrasaten jokatuko du; 17:00etan izango da partida, Musakolako kiroldegian. Denboraldiko lehen garaipena nahi dute. Goierriren eta BKL Usurberen arteko derbia jokatuko da bihar, 12:15ean, Urretxuko Aldiri kiroldegian. Jubenilek eta kadeteek ere jokatuko dute, biek Donostian.