Flavio Banterla: Italiatik natorren artista bat naiz ni
Flavio Banterla musikari italiarra Euskal Herrira etorri zen ikastera eta bertan gelditu zen. Secundino Esnaola musika eskolako irakaslea da eta datorren urtean bere bigarren diskoa kaleratuko du.
Artistak ez dira Paristik bakarrik etortzen. Beste toki askotatik ere etortzen dira. Flavio Banterla, adibidez, Italiatik etorri zen. Erasmus egitera etorri zen Donostiara, Paduako unibertsitatetik. Euskal Herria asko gustatu zitzaion eta bertan gelditu zen. Euskaldun batekin ezkondu zen eta duela bi urte aita izan zen. Urretxuko eta Zumarragako Secundino Esnaola musika eskolako irakaslea da eta pop musika egiten du, orkestra moldaketekin eta musika elektronikoarekin. Udaberrian bigarren diskoa kaleratuko du.
Banterla primeran egokitu da Euskal Herriko bizimodura eta euskara ikasten ari da. Gainera, bigarren diskoan, lehenengoz, euskarazko abesti bat grabatuko du. «Diskoak 10 abesti izan behar zituen. Koronabirusa dela eta, kaleratzea atzeratu egin da. Hala, azkenean 11 abesti izango ditu. 11. kanta hau urrian grabatu behar dugu eta euskaraz izango da. Maider Zabalegirekin (Alaitz eta Maider) grabatuko dut».
Banterlak Urmugak egitasmoan parte hartu zuen eta hor bururatu zitzaion euskarazko abesti bat grabatzea. «Urmugak proiektuan parte hartu genuen musikariok Euskal Herriko mendietan jo genuen. Nik Et Incarnatus orkestrak Tologorri mendian egin zuen kontzertuan parte hartu nuen, Maider Zabalegirekin batera. Euskarazko abesti bat grabatzeko garaia zela pentsatu nuen eta euskaltegiko irakasleari, Jorgeri, laguntza eskatu nion. Ovidio idazle erromatarraren Metamorfosia laneko testu batzuk abestirako moldatzen lagundu zidan. Hortik, Nor naiz ni? Zein zara zu? kanta sortu zen. Izan ere, nor esateko nor eta zein hitzak erabili ahal izatea eta galdera bateko hiru hitzak N letrarekin hastea eta besteko hiruak Z letrarekin hastea oso bitxia iruditzen zait».
Banterlari existentziari buruz abestea gustatzen zaio. Bigarren disko honetako kantak bat-egiteari eta banantzeari buruzkoak dira. «Gizakiok eta existentziako gainontzeko guztia bat-eginda gaude, baina askotan norbanako bereiziak garela sentitzen dugu. Askotan, bizirauteko elkarren artean borrokatu beharra dugun izakiak garela sentitzen dugu eta horrek ondorio latzak dakartza».
Diskoaren izenburua Y/O izango da. «Grazia egiten dit, gazteleraz NI hitza baita, erditik banatuta. Aldi berean, ETA/EDO esan nahi du». Lehen single-a 2021 hasieran plazaratuko du.
Musikari dagokionez, Banterlaren musika 1960ko hamarkadako musika italiarraren antzekoa da, baina musika elektroniko ukituak ditu. Bere lehen diskoak arrakasta izan zuen. Donostiako FNAC-en eta Tabakaleran, Madrilgo Reina Sofia museoan eta Valentziako Zientzia Museoan jo zuen, besteak beste.
Azken emanaldi hau Stephen Hawking-i egin zioten omenaldian izan zen. Omenaldia erlatibitatearen, grabitazioaren eta uhin grabitazionalen inguruko kongresu batean antolatu zuten. Kongresu horretan mundu mailako adituek parte hartu zuten. Banterlak L.I.G.O. kanta jo zuen. L.I.G.O uhin grabitazionalak detektatu zituen behatokiaren izena da. Bertako lan taldeak fisikako Nobel saria irabazi zuen 2017an, aurkikuntza honi esker.
Horretaz guztiaz gain, Banterlak aldundiaren Katapulta Gipuzkoa Tour 2019 ekimenean parte hartu zuen. Konfinamendua heldu aurretik elkarrizketa bat egin zioten eta bideoa duela gutxi argitaratu dute. Bertan, bere lanaz eta disko berriaz hitz egiten du eta Katapulta Tour Gipuzkoa 2019 girako irudiak ikus daitezke.
Esan bezala, Banterla Secundino Esnaola musika eskolako irakaslea ere bada. DJ eta musika informatika eskolak ematen ditu. «Nire ustez oso ikasgai interesgarriak dira. Hemen ez dute arrakasta handirik oraindik, baina mundu mailan indar handia dute. Munduan zehar musika elektroniko ikasle asko daude», amaitu du.