Herriartekoa irabazi zuten pilotariei omenaldia
Goñiren omenezko txapelketako finalarekin batera, 1970eko Herriarteko Txapelketa irabazi zuten pilotari eta botileroak omenduko dituzte.
Datorren ostiralean, hilaren 16an, Goñiren omenezko txapelketako finalak jokatuko dira Zumarragako pilotalekuan. Jaialdia 21:30ean hasiko da. Bigarren eta hirugarren partidaren artean, 1970ean Herriarteko Pilota Txapelketa irabazi zuten pilotari eta botileroak omenduko dituzte. Izan ere, bihar garaipen haren 50. urteurrena izango da. 1971n Zumarragak berriro irabazi zuen Herriartekoa.
Goñi txapelketako finalei dagokienez, finalerdietako bigarren eta azken jardunaldia asteazkenean jokatu zen.
Elite mailako binakako txapelketan, Labakak eta Sarasak 22 eta 13 irabazi zieten Elola eta Aldaberi. Horrenbestez, datorren ostiralean finala jokatuko dute Mata eta Gaskue bikotearen aurka.
Promesa mailako lau t’erdiko txapelketari dagokionez, asteazkenean Oskoz nafarrak 22 eta 19 irabazi zion Altunari. Finala Ruiz de Larramendiren aurka jokatuko du.
Ohi bezala, Goñi txapelketako partiden aurretik herri mailako txapelketako partida jokatu zen. Urtzelai eta Babarrok 18 eta 16 irabazi zieten Aleman eta Baezi. Horrenbestez, beraiek jokatuko dute herri mailako txapelketako finala, Oliveira eta Cruz iazko txapeldunen aurka. Final hau ere hilaren 16an jokatuko da, bete bien aurretik.