Segurtasun neurri bereziekin jokatuko da 97. Ordiziako Klasikoa
Astelehenean, urriak 12, jokatuko da txirrindularitza proba klasikoa. 10:00etan abiatuko dira Gudarien Etorbidetik. Publikorik ez da izango, eta streaming bidez jarraitu ahal izango da lasterketa. Jose Mari Intxausti omenduko du antolakuntzak
Ohiko data atzeratu ostean, datorren astelehenean, hilak 12, jokatuko da Ordiziako Klasikoa maila goreneko txirrindulariekin, eta beti bezala, Ordiziako Txapel Gorri elkarteak antolatuta. Egun bakarreko lasterketen artean estatuko egutegiko zaharrena da Ordiziakoa, aurten 97. edizioa jokatuko delarik. Urte hauetan guztietan hartu ez diren segurtasun neurri bereziekin jokatuko da aurtengoa, COVID-19ak hala behartuta.
Goizeko 10:00etan abiatuko dira Ordizia Klasikoko partaideak, beti bezala, Gudarien Etorbidetik, ez lehenago zinta moztea egin gabe. Antolakuntzak espero du eguraldia lagun izatea, irteera puntuan bertan egin ahal izateko lasterketaren hasiera ekitaldia. Astelehenekoak izango duen berezitasunetako bat izango da, irteeraren momentuan ezingo dela jendea bildu, ezingo dela publikorik egon, alegia. Ez irteeran ezta helmugan ere. Sari banaketa ekitaldia ere ateak itxita egingo dute Beti Alai pilotalekuan. Proba, ordea, streaming bidez jarraitu ahal izango da.
Aurten omenaldia jasoko du Jose Mari Intxausti Txapel Gorri elkarteko kidea izandakoak eta urtarrilean zendu zenak.
165 kilometro
Esan bezala, 10:00etan abiatuko dira txirrindulariak eta 165,7 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik, tartean zazpi igoera eginez. Txirrindulariek bost itzuli eman beharko dizkiote Ordizian hasi eta bukatuko den ibilbideari. Ikaztegietatik igaro eta hirugarren mailako bi mendate zeharkatu beharko dituzte: Albaltzisketako gaina eta Altzoko gaina.
Abaltzisketako igoeran erabat debekatuko da jendea lasterketa ikusten egotea. Jose Luis Sanz Ordiziako Klasikoko zuzendariak esan du, «neurri hauek ulertuak eta errespetatuak izatea espero» duela, «bizi dugun garaian segurtasuna zaintzea besterik ez dutela helburu errepikatuz. Aldez aurretik ulermena eskertuz, «epe laburrean Klasikoa baldintza normaletan jokatzea espero» duela nabarmendu du.
Altzoko igoeraren azken hiru kilometroek % 5,7ko batez besteko malda dute, eta % 12 eta 15 arteko desnibela. Albaltzisketako gainak, berriz, batez besteko malda zorrotzagoa du, % 7,6koa, baina zailtasun handieneko tarteak ez du % 8,8ko inklinazioa gainditzen.
Astelehenean Ordizian izango diren talde eta txirrindulariak World Tourrekoak izango dira. Azken momentuan Movistar Teamek esan du ez dela bertan izango, Italiako Giroa jokatuko duelako baina bertan izango dira, Niko Delko Provence, Team Arkea Samsic, Rally Cycling, Caja Rural, Burgos BH eta Orbea, besteak beste.