Zegamako Udalak neurriak hartu ditu, koronabirus agerraldiaren aurrean
Eraikin publiko guztiak eta haur parkeak ixtea erabaki du udalak, eta Osasun Sailarekin elkarlanean jardungo dutela azaldu du alkateak. Zaldibiako Udalak ere arduraz jokatzeko deia egin die herritarrei.
Zegaman izandako koronabirus kasuen agerraldia dela eta, bertako udalak hainbat neurri hartu ditu, birusari aurre egiteko. Hamazazpi kasuren berri eman du Osasun Sailak gaurko txostenean, baina gehiago ere izan litezkeela azaldu dute hainbat iturrik. Momentuz, eta babes neurri moduan, eraikin publiko guztiak eta haur parkeak ixtea erabaki du udalak.
Joseba Izagirre Zegamako alkatearen esanetan, atzo hasi ziren ikusten positibo kasuak igotzen ari zirela herrian eta arratsalderako hartu zuten eraikin publiko guztiak ixteko erabakia. Izagirrek, “Osasun sailarekin harremanetan” daudela gaineratu du, fokoaren jatorria zein den zehazteko, eta beharrezkoa izango balitz, neurri gehiago ere hartzeko.
Momentuz hamazazpi kasu positibo daude ofizialki baieztatuta, baina haiekin kontaktuan izan direnei ere PCR probak egiten ari dira, eta baliteke datozen egunetan kopuru horrek gora egitea. Udalak, hala ere, lasaitasunerako deia egin du eta arduraz jokatzeko eskatu die herritarrei. Momentuz neurri zehatzik aipatu ez badute ere, ez dute baztertu bahetze masiboak egiteko aukera, antzeko agerraldiak izan diren beste herri batzuetan egin duten bezala.
Zaldibiako Udalaren deia
Zegamako kopuruetara iritsi gabe, baina azken egunetan Zaldibian ere agertu dira positibo kasu berriak, atzo eta gaur bina. Udalak arduraz jokatzeko deia egin die berriz ere herritarrei, eta positibo eman dutenei edota berrogeialdian daudenei, udalarekin harremanetan jartzeko eskatu diete, 943 88 03 57 telefono zenbakira deituta. Kasu horietan, elikagaiak eskuratu eta hondakinak biltzeko protokoloak martxan jarriko ditu udalak, eta horrez gain, “herriko egoeraren argazki erreala” izango lukete.