Eduardo Alsasuak irabazi du Beasaingo Jendaurreko XXIX. Margo Sariketa
Beasaingo Arrano Elkarteak antolatzen duen aire libreko pintura lehiaketa Eduardo Alsasuak irabazi du. Herriko onena Moises Garcia izan da.
22 partaide izan ditu aurtengo Beasaingo aire libreko margo lehiaketak, horietako hiru beasaindarrak. Beasaingo herria eta auzoak gaitzat hartuta, edozein teknika erabiliz prestatu dituzte lanak. Euskarria zigilatu eta babes lekuetan gorde dira margolariak, egin duen euri zakarra medio. 14:30ak arte izan dute denbora artelanak sinatuta entregatzeko. Ondoren, Arrano Elkarteak bazkaria prestatu du nahi zuenarentzat.
18:30etan ekin diote Igartza Jauregian sari banaketari. Epai mahaia Jokin Telleriak, Jose Mari Telleriak, Jesus Lopez de Zuluetak eta Juan Aiestak osatu dute.
Sailkapena
Brenda Lopez izan da herriko gazte saritua. Mikel Ulibarriak gazteak ere jaso du garaikurra.
Moises Garciaren lana izan da herrikoen artean epaimahaiari gehien gustatu zaiona eta Beñat Mujikaren lana ere saritu dute.
Helduen sailkapenean, Eduardo Alsasuaren lana gailendu da. Leticia Gasparren Gaztetxeko artelanak merezitako errekonozimendua jaso du bigarren postua eskuratuz. Hirugarren Esteban Oroz izan da.
Urriaren 25era bitarte egongo dira lanak ikusgai Igartzako Jauregian.