La Leze gaztandegiak irabazi du Euskal Herriko 37. Artzai Gazta Txapelketa
Arabako Ilarduia herrira joan da aurtengo Artzai Gazta Txapelketaren kaikua. La Leze gaztandegiko Jose Mari Jauregi eta Elisabeth Gorrotxategi goierritarrak eskuratu dute lehenengo postua. Bigarren postuan Galarretako Azkarra sailkatu da. Hirugarren sailkatua ere arabarra izan da: Patxi Lopez de Uralde.
Idiazabalgo pilotalekuan ospatu da Euskal Herriko 37. Artzai Gazta Txapelketa. Nahiz eta, COVID-19arengatik Idiazabalgo Baserritarren Eguna ez ospatu, Idiazabalgo Udalak, Artzai Gaztak eta Idiazabal J.D-ak lehiaketa egitea erabaki dute, edukiera mugatuarekin eta segurtasun neurriak hartuz.
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako txapelketetan sailkatutako lehen hamar gaztak izan dira Artzai Gazta Txapelketako hautagaiak, guztira berrogei. Latxa ardi esne gordinarekin eginiko gaztarik onena zein den erabakitzeko lau epai mahai egon dira; mahai bakoitzean gaztagile aditu bat, artzain bat eta Idiazabal Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileko dastatzaile bat egon delarik.
Jose Mari Jauregi lazkaotarrak eta Elisabeth Gorrotxategi beasaindarrak La Leze izenpean ekoizten duten gazta izan da garaile. Hurrengo bi sailkatuak arabarrak izan dira: Galarretako Azkarra eta Larreako Patxi Lopez de Uralde, hurrenez hurren.
Sari banaketa hasteko, esker oneko hitzak eskaini dizkiote Jose Mari Ustarrozi, “artzai gaztarengatik egin duen, egiten duen eta egingo duen lanagatik”.
Jarraian lehen hamabi sailkatuak:
- La Leze
- Azkarra
- Patxi Lopez de Uralde (Larreako gazta)
- Ander Barandiaran (Gaztañaditxulo)
- Albi
- Marta Perez (Loperena)
- Bengotxea
- Angel Linzoain (Atekoa)
- Premietxeberri
- Agiñiga
- Beñat Egaña
- Olalde