Aurtzaka Dantza Taldeak ikuskizuna eskainiko du etzi, Usurbe antzokian
Bost taldetan banatuta egingo dute dantza; eta talde bakoitzak bi dantza eskainiko ditu. Emanaldia Usurbe antzokira lekualdatu dute segurtasun neurriak errazago betetzeko
Aurtzaka Dantza Taldea oholtza gainera igoko da aspaldiko partez. Etzi emanaldia eskainiko dute Usurbe antzokian, 19:00etan. Izaskun Salazar kideak aitortu du gogotsu daudela. Taldea bost multzotan banatu dute, eta bakoitzak bi dantza egingo ditu: «Barietate handia izango du. Agian bi arin-arin edo fandango egongo dira, baina guztiak bariazio desberdinekin. Euskal Herriko toki askotako dantzak ekarriko ditugu», aurreratu du.
Usurbe antzokira lekualdatu dute emanaldia, guztien segurtasuna bermatzeko errazagoa izango delako. Oholtzara 50 dantzari igoko dira eta Goizeresi taldeko txistulariek ere parte hartuko dute. «Dantzari guztiak maskararekin joango gara. Igartzako Dantzarien egunean, kalean, hala egin genuen. Orain, espazio itxian, arrazoi gehiagorekin. Aldagelak ere ez ditugu erabiliko eta, hortaz, ez da arropa aldaketarik egongo». Publikoak Usurbe antzokiko neurriak errespetatu beharko ditu. «Edukiera mugatua dago. Frontoian jende asko pilatzen zen, zutik edo eserita. Orain ez da posible. Inor kanpoan gelditzea pena izango da», aitortu du. Halere, jendea kultura kontsumitzera animatu du: «Segurua da. Gure publikoa, oro har, heldua da eta uler dezaket beldurra ematea. Baina ausartzeko esango nieke, kultura kontsumitu beharra dugulako».
Etziko emanaldiarekin helduek ez dute emanaldi gehiago izango aurten, baina entseguekin aurrera jarraituko dute. Aukerarik badute oholtzara itzuliko direla dio, baina pandemiaren bilakaerak izango du azken hitza.