Azoka ez da euriaren lagun
Onddoak ateratzeko eguraldi ona bai, baina feriara ez du jende asko erakartzen eguraldi bustiak eta freskoak. Atzo jende gutxixeago ibili zen Ordiziako azokan.
Euria eta tenperatura ere nabarmen behera, 10 gradu inguru goizean zehar. Oraindik ere hego haizea eta «San Martin udatxoa» egingo duen esperantza bada, babarrunak ontzeko adibidez, denek ez baitituzte oraindik bildu. Halere, azokan indiaba beltz dezente ikusten da gehiena aletua 12-14 euroan kiloa eta leka eta guzti ere bai gutxi batzuk 10 euroan kiloa. Patxi Arizmendik aitortzen zuenez, «Zumarragan ondo, baina Ordizian lekan gutxi saltzen da, jendeak aletua nahiago izaten du hemen».
Sagar errezilak ere merezi du aipamena. Joxe Antonio Aizpuru errezildarrak orain arteko alerik dotoreenak ekarri baitzituen, mahai gainean gutxi iraun zuten. Ale ederrak 6 euroan kiloa. Erakartasun handia izan zuten. «Horrelakoak feria berezietan eta erakutsi izan ditugu. Orain berdeak badaude ere horixka kolorea hartuko dute. Arbolan bertan hobe daude baina hala moduzko eguraldiarekin erortzeko arriskua dute eta pena litzateke», zioen, gerora ere gehiago izango diren esperantzan lehenak agudo asko saldu zituen atzo.
Mendia tokika emankor
Onddoa tokika hasi denekoa sumatu da. Asteroko bi postu nagusienak diren Basoakoena eta Lasatarrena dotore agertu ziren atzo. Onddoa nagusi. Baina ez horietan bakarrik, plazako hiruzpalau mahai gainetan ere urruti joan beharrik izan gabe jasotakoak salgai baitzituzten. Ez da denetan ateratzen ari, tokika eta dagoenean ugari sobrare. Ondo tokatu behar nonbait.
Hemengo eta kanpoko 320 kilo zenbatu genituen 14tik 35 euro artean. Esnegorri batzuk ere bai, 14-22 euro artean kiloa, 25 bat kilo guztira hemengoak gehienak. Mendiko angulak eta zizahoriak osatu zuten mikologia atala.
Lehen mizpiren zain
Atzo ekarri zituzten lehenengoak, baina oraindik gogorrak. Atzo bi mahai gainetan ikusi genituen, Itsasoko M. Jesus Oriak eta Altzagako Lurdes Lopetegik zituzten, 3 euroan kiloa. Fruitu hau gazteen artean oso gutxik ezagutzen dute, transmisiorik ez du izan. Azaro erditik aurrera izan ohi da bere garaia. Aurrerago aipatuko ditugu sorgin fama duen fruitu honi buruzkoak.