Beasaingo Institutuan 700 PCR proba egingo dituzte gaur eta bihar artean
Beasaingo Institutu Publikoan hainbat koronabirus kasu agertu eta gero, Osasun Sailak 700 test egingo ditu ikasleen artean. Bihar bilera egingo dute Goierriko alkateek.
Beasaingo Institutu Publikoan izandako agerraldiak direla eta, Osasun Sailak ikasleen artean baheketa masiboa egiteko erabakia hartu du. Guztira 700 PCR proba egingo dituzte bi txandatan, batzuk gaur arratsaldean eta besteak bihar. Hainbat ikasgela itxita daude dagoeneko, eta bihartik eskolak online emango dituzte, meet plataformaren bidez.
Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak gaur Euskadi Irratian egindako adierazpenetan azaldu du Beasaingo institutuan “hainbat kontaktu” egon direla, eta probak lehen bailehen egingo dituztela, horrela, “behar bada garaiz hartu ditzakegulako oraindik sintomarik izan ez duten beste hainbat”.
Alkateekin bilera
EAE mailan, une honetan Gipuzkoa arreta gune nagusia dela aitortu du sailburua. “Datuak hor daude, denok ezagutzen ditugu, eta hiru lurraldeetatik egoera kezkagarrienean dagoena oraintxe Gipuzkoa da”. Hori dela eta, bihar goizerako Goierri eta Urola Garaiko alkateekin bilera deitu dute, “ikusteko nola dagoen gauza, beraiei azaltzeko nola ikusten dugun guk, eta daramagun ikerketan ze emaitza ikusten ditugun”. Sailburuak azaldu du “guztien artean prebentzio neurriak indartu eta gordetzea” dela orain garrantzitsuena.
Aitor Aldasoro alkateak,test horiekin “egoeraren argazki erreala” izan nahi dutela azaldu du. Behin argazki hori izandakoan, eta bihar alkateek eta Osasun Sailak egingo duten bileraren ondoren, erabakiko dute egungo prebentzio neurriak nahikoak diren edo neurri gehiago hartu beharko diren, baina momentuz hori esatea “gehiegi aurreratzea” dela dio.