Bi zaldibiar Eskolarteko finalean
Maide Garmendiak eta Hodei Munduatek Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finalean kantatuko dute, bihar, Azkoitian. Zaldibiako bertso eskolan ondutakoak dira biak.
Zaldibian bertsolari labealdi berriaren usain gozoa nabari da. Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketaren finalera bi zaldibiar iritsi dira, Maide Garmendia eta Hodei Munduate. Azkoitiko kultur etxean, bihar 19:00etan kantatuko dute. Ane Zubia, Aner Peritz, Naia Arrizabalaga eta Uxue Ostolaza dira finaleko seikotea osatu dutenak. Sarrerarik ez dago ja.
Gainerako guztia bezala, Eskolartekoa ere ezohikoa izan da aurten. Otsailaren 28an, Oñatiko Larraña auzoan lehen kanporaketa irabazi zuen Garmendiak, eta zuzenean sailkatu zen finalera. Munduatek martxoaren 6an kantatu zuen Ikaztegietan bigarren saioan; Zubiak irabazi zuen, eta puntuen zain geratu zen. Konfinamendua eta etena iritsi ziren gero, urriaren 2an berrekin eta azken kanporaketa jokatu ahal izan den arte.
Orduan jakin zuen Munduatek ere finalean zela. 16 urte ditu, 17 egin behar. Garmendiak, berriz, 18 ditu, eta unibertsitate-ikasketekin hasita dago, Gasteizen. Eskolarteko lanak bihar bukatu beharko dituzte.
Lorpen handia da Zaldibiako bertso eskolarentzat. 10-11 urterekin hasi ziren, talde zabalagoan orduan. Biak bakarrik geratu dira denbora joan ahala, eta biak iritsi dira Gipuzkoako finalera. «Oso gustura nago finalean kantatuko dudalako. Aurten, gainera, azkeneko urtea neukan Eskolartekoan, eta baneukan gogoa, aukera hori ea etortzen zitzaidan», dio Maide Garmendiak.
Londrestik entrenatzen
Txapelketa bukatu ote zitekeen ere ez zirudienean, ia ustekabean hartu dute finalaren berria. Udaberri-udan etenaldi luzea izan dute, eta ezin nahi beste aritu bertsotan. «Mezua iritsi zenean hasi ziren urduritasunak eta presak. Berriro lehengo erritmoa ari gara hartzen. Urduri jartzen hasita nago», dio Garmendiak.
Munduate ere nerbioek «traizionatu» ohi dute: «Aurreko saiora nahiko lasai joan nintzen. Baina nerbioek traizionatzen naute, eta urduri nago jada astebete lehenagotik. Asko ari gara prestatzen Maide eta biok; astean ahal dugunetan elkartu, eta finaleko formatuari buelta bat edo bi ematen dizkiogu». Gustura eta ilusioz gainezka dago Hodei Munduate, aukerarekin.
Prestakuntza ere bitxia dute. Aitor Irastortza bertsolari herkidearekin trebatzen dira. Baina hura Ingalaterran dagoenez ikasketak direla eta, Londrestik Zaldibiako gaztetxera bideodei konexioa eginda aritzen dira bertsotan. «Aitorrek gaia jarri, eta guk erantzun», dio Maidek. Koronabirusaren irakatsia.
Hain justu, Irastortza irakasle zutela hasi ziren bertso eskolan. Unai Mendizabal, Maialen Akizu, Lander Arizmendi eta azken kurtsoan Oihana Iguaranekin jarraitu dute. «Aitor da gu orain bertsotan aritzearen arrazoi nagusia. Hark bulzatu gaitu bertsoetara, afizioa sortu diguna eta beti gehien sartu diguna hura izan da», aitortu du Munduatek.
Bihar saioa, gero gerokoak
Bi zaldibiarrak ere pozez kabitu ezinik daude, finalean elkarrekin ariko direlako. Eskolartekoa garrantzitsu jotzendute, plaza aukera eta bertso lagun gehiago ematen dizkielako; «ia aukera bakarra». Bertsotan «umorea» gustatzen zaio Munduateri. «Zortziko txikiko ofiziotan ikaragarri gustura sentitzen naiz». Garmendiari ere ofiziotako ariketak datozkio ondoen, «ideiaz jokoa ematen badu».
«Ostiralean ikusiko dugu zer gertatzen den. Saiatuko gara, ea zer ateratzen den», dio, umil, Garmendiak. «Gustura aritzea da gakoa», amesti, Munduatek. Euskal Herriko finala geratuko litzateke. Bien bitartean, Zaldibiako bertsoaren kate luzean maila bat erantsiko dute biek, orain bertso eskolan dabiltzanei tira egiten jarraitzeko.