Datorren urtean ez da Ehunmilak probarik egingo
COVID-19ak eragindako "ziurgabetasun maila" dela eta erabaki zuten aurten proba bertan behera uztea, eta beste horrenbeste egin dute 2021eko edizioarekin, "korrikalarien eta boluntarioen segurtasuna eta lehiaketaren kalitatea" bermatu ezin direla ikusita. 2022an itzuliko da proba.
Ez 2020an eta ez 2021ean ere. Ehunmilak lasterketaren antolatzaileek 2022ra atzeratu dute hurrengo edizioa. COVID-19ak eragindako ziurgabetasun egoerak eta “korrikalarien eta boluntarioen segurtasuna eta lehiaketaren kalitatea” bermatu ezin izanak behartu ditu erabaki hori hartzera.
Ehunmilak, Goierriko 2 Handiak eta Marimurumendi proben antolaketa-batzordeak, “aholkatzen gaituen mediku taldearen gomendioarekin bat” egin eta2021ean hiru probak ez egitea erabaki du. “Sorreratik, korrikalarien eta boluntarioen segurtasuna eta lehiaketaren kalitatea izan dira ehunmilak proiektuaren oinarrizko bi printzipioak. Zoritxarrez, gaur egun bizi dugun egoerak eta etorkizunean aurreikusten dugunak zaila egiten dute bi printzipio horiek betetzea”.
Aurtengoa “urte zaila” izan dela diote, 2020ko edizioa ere bertan behera uztea erabaki baitzuten, baina konforme daude hartutako erabakiarekin. “Orduan, orain bezala, COVID-19ak eragindako ziurgabetasun maila ikaragarria zen. Gertaerek erakutsi dute garaiz hartutako erabaki hura zuzena izan zela”. Martxotik zazpi hilabete pasa badira ere, oraindik ere “antzeko egoera bati aurre egin beharrean” daudela azaldu dute, eta “asko hausnartu” dutela 2021eko edizioaren inguruan. “Pandemiak hor jarraitzen du, bere gorabeherekin, eta, itxura guztien arabera, oraindik ere gurekin jarraituko du”.
Erantzukizun kolektiboa
Hori guztia ikusita, “edizio berri bat ospatzeko daukagun gogo eta ilusio handia alde batera utzi” eta egungo egoerari buruzko “hausnarketa sakona” egin du antolakuntza taldeak. “Gu ere gizartearen parte gara eta gizartearekiko erantzukizunagatik, Ehunmilak ez dela ospatu behar uste dugu. Pandemiak berak, aurretik eraman dituen pertsonekiko oroitzapenak eta kalte handiagorik eragin ez dezan egunero-egunero borrokan ari direnekiko elkartasunak, arduratsuak izatea eta beharrezkoak ez diren arriskuak ez hartzea eskatzen digute”.
Antolatzaileen ustez, “Ehunmilak proiektua ez da zorte onaren edo zoriaren menpe utz daitekeen kirol-ekitaldi bat”. Hala, ezinezko ikusten dute “inskripzio bat ireki, ilusio bat elikatu eta proiektu baten antolaketa-makineria guztia martxan” jartzea, azken unera arte egin ahal izango den jakin gabe. “Nahiago dugu lasterkariei itxaropen faltsurik ez ematea eta 2021erako plangintza ez baldintzatzea”.
Ehunmilak bezalako proiektu batek “milaka pertsona” biltzen ditu; zaleak, korrikalariak, haien senideak, boluntarioak, osasun-langileak eta teknikariak, besteak beste. Gainera, eremu zabala hartzen duen proba da, eta “zaila eta konplexua” izango litzakete “pertsona horien guztien osasunean eragina izan dezaketen aldagai guztiak eraginkortasunez identifikatzea eta kontrolatzea”. Horregatik, “segurtasuna beste ezeren gainetik” jarri behar dela uste dute.
Ez dute amorerik eman, ordea, eta 2022an proba bueltatuko den esperantzarekin lanean jarraituko dutela azaldu dute.