«Garagardo Festa ekarpen bat egiteko ere antolatzen dugu»
Asteburu honetan Lurra dantza taldearen Garagardo Festa egin behar zen. Festa bertan behera utzi behar izan badute ere, Lurrako kideek dantza egiten jarraitzen dutela azaldu du Alaitz Etxezarretak.
Noiztik antolatzen duzue Garagardo Festa?
Duela 14-15 urte hasi ginen Garagardo Festa antolatzen. Dantza taldean garagardoari buruzko ezagutza duen jendea dago. Garagardoaren inguruko festa bat antolatzeko gogoa zuten eta diru-iturri ona izan zitekeela pentsatu genuen.
Festak arrakasta izan duela esango al zenuke?
Urte batzuk besteak baino hobeak izan dira. Azken urteak oso onak izan dira. Iazkoa bikaina izan zen. 2008ko krisiaren ondorengo urteak, ordea, kaxkarrak izan ziren. Festa nabarmen jaitsi zen. Jendea erakartzeko kontzertuak eta bestelako ekitaldiak antolatzen hasi ginen, baina ez genuen helburua lortu. Ez zuen merezi ekitaldiak antolatzea, irabazten genuen apurra ekitaldiak ordaintzeko erabili beharra baikenuen. Urte batzuetan, lan asko eta irabazi gutxi.
Lan asko egin behar al da Garagardo Festa antolatzeko?
Hasteko, generoa eskatu behar da, kartelak egin, kartelak jarri… Festa ostiralean hasten da eta igandean amaitu. Muntaketa lana ostegunean hasten dugu. Ostiralean hornitzaileak etortzen dira eta izozkailuak bete behar ditugu, makinak martxan jarri… Eta asteburu osoa lanean ematen dugu, noski: barran, sarreran, sukaldean, garbiketa lanean… Urte batzuetan eguerdian ireki genuen, baina azken urteetan arratsaldetan ireki dugu. Taldeko guztiok lan egiten dugu Garagardo Festan.
Urretxuar eta zumarragar askok garagardoa oso gustuko dute eta Lurraren Garagardo Azokaren zain egoten dira.
Hala da. Kuadrilla askok urtero Garagardo Festan afaria egiteko ohitura dute. Urola eskubaloi taldekoek, adibidez, urtero afaria egiten dute. Jende asko Garagardo Festaren zain egoten da eta noiz izan behar den galdetzen digute. Lurra taldeko haurren gurasoak ere etortzen dira, noski. Kanpotik ez da jende asko etortzen, urria ez baita horretarako oso aproposa, baina herrian giroa sortzen du.
Lana ematen duen arren, festa antolatu ezin izanak pena emango dizue.
Sekulakoa. Garagardo Festaren inguruan sortzen den giroa asko gustatzen zaigu. Herritarrak guk antolatu dugun ekitaldi batean gozatzen ikustea oso pozgarria da. Garagardo Festa dirua lortzeko antolatzen dugu, baina baita herriari ekarpen bat egiteko ere.
Aurten, Garagardo Festa bertan behera utzi behar izateaz gain, jende aurrean dantzatzeko aukera gutxi eduki duzue.
Inauterietan, urtero bezala, Urretxuko baserrietan dantza egin genuen. Ondoren, udalak elkarteen lokalak itxi zituen eta entseatzeari utzi genion. Lokala ekainean ireki zen, baina oso emanaldi gutxi izan ditugu. Urte amaiera bitartean ez dugu emanaldirik eta ez dakigu datorren urtean zer gertatuko den. Dantza egiteko deseatzen gaude. Gainera, Euskal Jaian estreinatu behar genituen jantziak estreinatu gabe gelditu ziren.
Ez da erraza izango halako egoera batean entseguetara joateko indarra ateratzea.
Pasioak ematen digu indarra. Bizitza osoa daramagu dantzan. Lurra taldean dantza egiten ikasi dugu, baina batez ere lan egiten ikasi dugu: taldea aurrera ateratzeko, folklorea bizirik mantentzeko eta ezagutzera emateko, haurrei balioak transmititzeko…
Izena emateko epea ireki duzue. Jendea ondo ari al da erantzuten?
Bai. Ez da gorabehera handirik egon. Egia esan, erantzuna okerragoa izatea espero nuen. Izan ere, hainbat neurri hartu behar izan ditugu: sartu aurretik tenperatura hartzen dugu, eskuak garbitu behar ditugu, sei urtetik gorako guztiok musukoarekin dantza egiten dugu, taldeek ez dute kontakturik… Hala ere, haurrek izena eman dute. Nire ustez, eskolatik kanpoko ekintzak oso gustura hartu dituzte.