Izaroren eta Zabaletaren emanaldietako sarrerak salgai jarriko dituzte
Izaroren kontzertua hilaren 14an izango da, eta Garazi Zabaletarena 28an. Azarorako beste dozena bat ekitaldi prestatu dituzte.
Izarok eta Garazi Zabaletak Beasainen azaroan egingo dituzten kontzertuetarako sarrerak bihar jarriko dituzte salgai, 20:30etatik aurrera. Usurbe antzokiko leihatilan eta Kutxabankeko kutxazainetan eskuratuko dira tiketak. Bi emanaldiak Usurbe antzokian izango dira, 21:00etan. Izarorena, hilaren 14an eta Zabaletarena, 28an. Mallabiarra entzuteko 25 euro ordaindu beharko dira; beasaindarraren kasuan, berriz, 18 euro. Izarok Limones en invierno azken albuma aurkeztuko du, eta Zabaleta Arah diziplina askotako proiektuarekin dabil.
Dozena bat ekintza gehiago
Azaroan beste dozena bat kultur ekitaldi izango dira Beasainen. Bertso saioa, haur eta helduentzako antzerkia, hitzaldiak… Musika emanaldi gehiago ere egongo dira, hala nola, Igartza Bekaren iazko garaileek eta Loinatz abesbatzak emanaldia eskainiko dute. Datak gerturatu ahala jarriko dituzte emanaldi hauetarako sarrerak eskuragai.