Bertso saioarekin hasi da aurtengo Iparra-Hegoa kultur egitarau berezia
Iparra-Hegoa jaialdia martxoan bertan behera geratu zen arren, kultur egitarau berezia prestatu dute. Gaur hasi da bertso saioarekin.
25. urteurrena ospatzeko urte zaila izan da segurarrentzat. Martxoan ospatu ohi den Iparra-Hegoa jaialdia bertan behera geratu da aurten. Egoerak hobera egin ez duenez, formatua moldatu eta hilero kultur ekitaldi bat egingo dute. Gaur hasi da egitaraua Baratze pilotalekuan egin den bertso saio musikatuarekin. Hegoaldetik eta iparraldetik etorritako bertsolariak izan dira bertan: Amets Arzallus, Irati Alcantarilla, Eneko Araiztegi eta Iker Zubeldia. Bereziki, Covid-19a izan da hizpide bertso saioan zehar. Bertsolariek ez ezik, antolakuntzako Idoia Lopetegik ere eskertu dute herritarrak pilotalekura joan izana.